Politika -

Iñigo Cabacas

Jaurlaritza: 'Iñigo Cabacas biktimatzat jotzea keinu humanitarioa da'

Eusko Jaurlaritzak Iñigo Cabacas indarkeriaren biktimatzat aitortu izana “iraintzat” jo dute Ertzaintzako sindikatuek.

Iñigo Cabacasen gurasoak eta lagunak, justizia eske. Artxiboko argazkia: EFE
Iñigo Cabacasen gurasoak eta lagunak, justizia eske. Artxiboko argazkia: EFE
Iñigo Cabacasen gurasoak eta lagunak, justizia eske. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Cabacas 'Bizitza Eskubidearen Urraketen Udal Erretratuak' izeneko biktimei buruzko dokumentuan sartu izana haren familiarenganako “keinu humanitarioa” dela eta Ertzaintza ez duela errudun jotzen azaldu die Eusko Jaurlaritzak Ertzaintzako sindikatuei.

Jaurlaritzak Iñigo Cabacas biktimen zerrendan sartu izanak hautsak harrotu ditu Ertzaintzan. Esan, Euspel eta Sipe sindikatuak erabaki horren kontra agertu dira, Polizia autonomikoaren aurkako “iraina” dela iritzita.

Iñigo Cabacas 2012an hil zen Bilbon, Athleticen partida baten ostean Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek buruan jota. Gertakaria oraindik ikerketa judizialpean dago.

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua eta Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusia Ertzaintzako sindikatuekin (ErNE, ELA, Esan, Sipe, CCOO eta Euspel) bildu dira gaur Gasteizen, azalpenak bertatik bertara emateko.

Jaurlaritzak jakinarazi duenez, batzar horretan ertzainen eta haien senideen biktimen elkarteko bi ordezkari ere izan dira.

“Keinu humanitarioa”

Jonan Fernandezen esanetan, biktimen erretratuak bi zatitan banatu dituzte. Lehendabizikoan, “bizitza eskubidea urratu dela baieztatu ahal izan direnak agertzen dira”; bigarrenean, berriz, “oraindik argitu gabe edo ikerketa judizialpean daudenak agertzen dira”.

Iñigo Cabacas bigarren talde horretan dagoela zehaztu du, baina “horrek ez du inor erredun egiten, ikerketa amaitu gabe duen kasu baten aurrean aurkitzen garela adierazten du”.

“Iñigo Cabacasen izena aipatzea familiarenganako keinu humanitarioa da, sufrimendu handia pairatzen ari baitira”, esan die Fernandezek Ertzaintzako sindikatuei.

ErNEren kritikak

Bileran, ErNEk Ertzaintzako "langile guztien" sentimendua helarazi nahi izan die Jaurlaritzako arduradunei, eta "errugabetasun presuntzioaren urraketa" salatu du, Cabacas auzian ikertzen ari diren ertzainek pairatzen dutena, hain zuzen.

Cabacasen heriotza txostenean sartu izana "Sailak hartutako jarrerarekin kontrajarria" dela berretsi du, zeren "Gervasio Gabirondo Ertzaintzaren zuzendariak gauzak gaizki egin zirela aitortu badu ere, ez dugu ulertzen nola zuzendari horrek berak Ertzaintzaren lantalde haren burua ertzainburu izendatu zuen eta sailburu honek berak berretsi duen".

"Ertzaintza Polizia torturatzailea dela dioen txosten partzial bat ikusi dugu, kasuak Ertzaintzan edo judizialki nola salatu diren aztertu gabeko kasuak agertzen dira", gaitzetsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Cabacas urteurrena Politika Ertzaintza Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Polizia indarkeriari buruzko albisteak