Politika -

inbestidura saioa

Eztabaidak argi utzi du Rajoyk ez duela babes gehiagorik lortuko

Rajoyk "erantzukizun apurra" eskatu dio Sanchezi, eta honakoa esan dio: "Ni hain txarra banaiz, zenbateraino zara zu txarra? Ezin txarragoa?".

Sanchez: 'Koherentziagatik eta herriaren onerako ezetz bozkatuko dugu'

2:09

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak Mariano Rajoyren hautagaitzari ezetza emango diola berretsi du, eta, gainera, eztabaida "iragarritako porrot baten kronika" dela esan dio, babesik gabe eta "lotsatu" beharko lukeen itun batekin joan delako Kongresura.

Mariano Rajoy Gobernuko Presidentetzarako PPren hautagaiaren inbestidura saioaren eztabaidan, abenduko hauteskundeetatik zortzi hilabete igaro diren honetan, Rajoyk Exekutiboan egonkortzea besterik ez duela bilatzen esan du Sanchezek.

Gainera, aukera aprobetxatu du Rajoyk berak PSOEko idazkari nagusiaren inbestidura saioan, martxoan, egindako kritikei erantzuteko.

Hala, Sanchezen iritzian, Rajoyren agintaldian izandako "gezurrek" eta "ustelkeriak" mesfidantza eragin dute hautagai horren inguruan.

Halaber, sozialisten buruaren arabera, aurrekoa PPren "absolutismoaren" legealdia izan zela eta oraingoa "xantaiarena" izatea nahi dutela ohartarazi du.

"Erantzukizun apurra"

Mariano Rajoy Espainiako jarduneko presidenteak "erantzukizun apurra" eskatu dio Sanchezi, eta gobernatzen uztea, C's-ekin eta Coalicion Canariarekin ituna lortu ostean.

Bien arteko aurrez aurreko eztabaidaren azken txanpan, Rajoyk azpimarratu du ez diola Sanchezi akordioa egitea eskatzen koalizio-gobernua osatzeko edo Parlamentuan akordioa lortzeko, Espainiak gobernua izatea ahalbidetzeko baizik.

"Gutxienez, utz gaitzazue agintzen. Ez egin blokeorik eta ez gaitzazue eraman hirugarren hauteskundeetara", erantsi du. Rajoyren ustez, badirudi hirugarren hauteskundeak deitu behar izatea dela Sanchezen "nahia".

Sanchezek bere kontra egindako kritikak baztertu ondoren, eta, PPren eta sozialisten eserleku kopurua gogorarazi eta gero, honakoa esan dio Rajoyk: "Ni hain txarra banaiz, zenbateraino zara zu txarra? Ezin txarragoa?".

"Bada garaia"

Pablo Iglesias Podemoseko buruak ere kritikatu du Sanchez, gaur-gaurkoz ez delako gai izan aukeratzeko PPren gobernua errazteko aukeraren eta Podemosekin gobernua egiteko aukeraren artean. "Bada garaia aukeratzeko", esan dio.

Rajoyren inbestidura saioan egindako hitzaldian, halere, Iglesiasek Sanchez goraipatu du, alderdiaren kanpotik eta barrutik jasotako kritiken aurrean irmo jarraitzeagatik eta PPren gobernua ez ahalbidetzeagatik.

Eskerrak eman dizkio horregatik, baina Podemosekin eta Rajoyren inbestiduraren aurka bozkatuko dutenekin beste aukera bat bilatzea eskatu dio.

"Gezurra da ustelkeriaren aurka borrokatuko zaretela, zuek baitzarete ustelkeria", esan du Iglesiasek bere hitzaldian. Gainera, 1812ko Konstituzio espainiarra (Pepa izenez ezagutzen dena) goraipatzeagatik ere kritikatu du Rajoy: "Zu ez zara Peparen aldekoa. Merkel anderearen gutunaren aldekoa zara".

"Txarraren eta ez horren txarraren artean"

Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak Mariano Rajoyren inbestidura babestea justifikatu du Diputatuen Kongresuan egindako hitzaldian.

"Txarra denaren eta horren txarra ez denaren artean aukeratu behar da", esan du, eta espainiarrei hauteskundeak errepikatu behar direla esateko gai ez duela ikusten gaineratu du.

Rajoyren inbestidura saioan egindako agerraldian, Ciudadanoseko buruak bere alderdiaren lana defendatu du, PSOErekin eta PPrekin akordioak bilatu dituelako, eta esan du babes handia jasoko lukeen gobernu bat nahiko lukeela, erreformista, bi edo hiru urterako, eta beste presidente batekin.

Alderdi bakoitzak estrategia aukeratzeko eskubidea dauka, baina akordioak bilatzeko egin duen ahaleginarekin "harro" dagoela esan du. Gainera, adierazi du ez diela herritarrei esan nahi beste hauteskunde batzuk deitu behar direla, herrialdeak aurrean dituen erronkak (aurrekontuak, "Kataluniako sezesionisten hordagoa" eta terrorismo jihadista, esaterako) kontuan hartuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Euzko Alderdi Jeltzalea Albisteak Alderdi Sozialista PP Espainako Gobernuaren presidente ohia Pedro Sánchez argazkiak EH Bildu Araba