Politika -

Memoria historikoa

Asironek esan du familiek bazekitela gorpuak hobitik aterako dituztela

Alkatearen esanetan, bertan hilobiratuta daudenen senideekin hitz egin dute udal ordezkariek, eta "gehientsuenek oniritzia eman diote erabakiari".

Joseba Asiron Iruñeko alkatea. Argazkia: EiTB
Joseba Asiron Iruñeko alkatea.
Joseba Asiron Iruñeko alkatea. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Asiron Iruñeko alkateak esan du Udalak familiei jakinarazi zietela Erorien Monumentuko kriptan dauden gorpuak hobitik ateratzeko asmoa dutela, eta horietako gehienak ados agertu zirela.

Udalak atzo jarri zuen abian azaroaren 16an gorpuen arrastoak hobietatik ateratzeko prozesua. Mola eta Sanjurjo 1936ko kolpe militarreko agintari nagusietako bi eta horien beste bost jarraitzaile daude hobiratuta kripta horretan.

Neurri horrekin, Nafarroako Parlamentuak 2013an onartu zuen Memoria Historikoaren Legea bete nahi du Iruñeko Udalak.

Asironek azaldu duenez, Udaleko "ordezkari kualifikatuak" jarri ziren harremanetan familiekin gaia jorratzeko. Hain zuzen, zazpi familietako seirekin hitz egin zuten, besteak ez baitu ondorengo ezagunik.

"Gehientsuenek oniritzia eman diote erabakiari, Iruñeko Artzapezkiputzak bezalaxe", adierazi du alkateak, horri ere hasiera-hasieratik eman baitio Udalak bere asmoen berri, Asironen hitzetan.

Alkateak esan du Udalak, 1998an eraikinaren jabetza hartu ondoren, ezin dituela bere betebeharrak alde batera utzi, eta "seriotasunez, profesionaltasunez eta errespetuz" jokatu nahi duela.

"80 urteren ondoren, horrelako ekintzak egiteko nahikoa denbora igaro dela pentsatzen dugu", adierazi du alkateak kazetarien aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea azken orduko berriak Albisteak Nafarroa Joseba Asiron Eguneko albisteak Frankismoari buruzko albisteak Iruñeko Udala azken ordukoa