Politika -

Geroa Bai

Nafarroako Gobernuak 'funtzionatzen' duela esan du Barkosek

Geroa Bai alderdiak ikasturte berria aurkezteko ekitaldia egin du gaur goizean Iruñean.

Uxue Barkos, Nafarroako presidentea. Argazkia: eitb
Uxue Barkos, Nafarroako presidentea. Argazkia: eitb
Uxue Barkos, Nafarroako presidentea. Argazkia: eitb

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Akordio programatikoak "funtzionatzen" duela eta "aurrera doala" adierazi du Uxue Barkos Nafarroako presidenteak, gaur goizean Iruñean Geroa Bai alderdiak ikasturte berria aurkezteko egindako ekitaldian. "Aurten Nafarroan normaltasuna nagusi" izango den arren, estatu espainiarreko ohiz kanpoko egoerak ere eragina izango duela aitortu du.

"Gobernuan, Parlamentuan eta aldatutako udaletxeetan lan ona egin dugula esan dezakegu", baieztatu du Barkosek. Orobat, itunean parte hartzen duten lau alderdiak Gobernuaren lana babesteko gai izan direla azpimarratu du, nahiz eta hauteskunde orokorretan elkarren arerio izan.

Geroa Baik Iruñeko Civivox Condestable eraikinean egindako ikasturte politikoaren aurkezpenean egin ditu adierazpenok. Aldi berean, alderdiko agintari publiko eta jarraitzaile ugari bildu dituen ekitaldia aprobetxatu du Koldo Martinez parlamentuko bozeramaileak oposizioa kritikatzeko: "jarrera lazgarria izateaz gain, erabiltzen duten oinarri bakarra gezurra" dela argudiatu du.

Ondoren, ikasturte berria abiatuko dela esan du Barkosek. Azken hamabi hilabeteotako aldaketa "barea eta lasaia" izan dela uste du, eta "erreforma sakonak" bilatu dituztela. Alabaina, "une gazigozoak" izan direla ere onartu du, baita "akatsak eta esperientzia gabeziak ere".

Letra larriz hitzartutako itunak "aldaketa historikoa" ekarri zuela nabarmendu du, aurrera jarraituko duela eta funtzionatzen duela ere berretsiz. Besteak beste, Nafarroako Lan Zerbitzuaren eraldaketa, erreforma fiskala eta neurri sozialak aipatu ditu adibide gisa.

Barkosen iritziz, "oraindik gauza asko dago egiteko", eta zenbait konpromezu aipatu ditu: osasun arloko itxaron-zerrenda azkartzea, eta langabe kopurua gutxitzeaz gain, kalitatezko lanpostuak ere sortzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Geroa Bai Nafarroa Uxue Barkos Albisteak Nafarroako Gobernua albisteak