Politika -

Ikasturte-hasiera

Tellitu: 'Hurrengoak Hezkuntza Legearen legealdia izan behar du'

"Zalantzarik gabe, orain hasiko den legealdian lege hori onartuko da; ikastolek aspalditik eskatu izan dugu”, esan du Ikastolen Elkartearen presidenteak.

Ikastolek larunbat honetan egin dute ikasturte-hasierako ekitaldia. Argazkia: EiTB.
Ikastolek larunbat honetan egin dute ikasturte-hasierako ekitaldia. Argazkia: EiTB.
Ikastolen ikasturtearen hasiera-ekitaldia egin dute Hernanin

2:04

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koldo Tellitu Ikastolen Elkartearen presidenteak larunbat honetan adierazi duenez, hurrengo legealdian Hezkuntza Legea izango da protagonista EAEn; Tellituren esanetan, hala gertatuko da, igandeko hauteskundeetako emaitza bata zein bestelakoa izan arren.

Ikastolek ikasturte-hasierako ekitaldia egin dute Orona Ideo Fundazioaren egoitzan, Hernanin, eta Tellituk bertan parte hartu du; halaber, eskola-etapa guztietan egiten ari diren pedagogia-berrikuntzen berri eman du. Ekitaldian Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua ere izan da, Ikastolen Elkarteak jakitera eman duenez.

"Hauteskundeetan aurkezten diren alderdi guztiek, guztiek, aurreratu dute asmoa dutela egiteko Hezkuntza Legea; hortaz, ez dago zalantzarik: legealdi honetan onartuko da lege hori. Ikastolek aspalditik eskatu izan dugu", esan du Tellituk. Haren esanetan, onartuko ez balitz, "porrota handia" litzateke hezkuntzan dabiltzan guztientzat.

Tellituren iritziz, "nahiz eta hezkuntza-eragile batzuek presarik ez duten", beharrezkoa da adostea, guztien artean, "kronograma bat, legea gauzatzeko". Hori dela eta, hezkuntza-eragileen parte-hartzea eskatu du, "betorik eta aurretik jarritako baldintzarik gabeko elkarrizketa eta legeari ekiteko, zabala eta sakona izan beharko duen lege bat adosteko".

Pozik, Nafarroako Gobernuak hartutako erabaki batzuekin

Bestalde, Ikastolen Elkartearen presidentea pozik azaldu da Nafarroako Gobernu berriak hartutako erabaki batzuekin; esate baterako, Tellituk nabarmendu du orain ez daudela debekaturik ikastolen eskola-liburuak, "aurreko Gobernuaren debekuari amaiera emanez".

Jantokiak eta euskaldunak ez diren guneetarako garraioa finantzatzeko eman dituzten pausuei buruz ere hitz egin du. Lurralde horretako zentro publikoetan D eredua egoeraz ere egin du berba; eskatu du erabakiak hezkuntza dabiltzan eragileekin adostea, eta orekatuak izatea.

"Ikastoletan, bermatu izan dugu D eredua gauden herrietan; tamalez, ezin gara herri guztietan egon, eta hortik hasi beharko litzateke", gehitu du.

Pedagogia-berrikuntzak

Ekitaldian, jakitera eman dute zein pedagogia-berrikuntza egiten ari diren ikastolak etapa bakoitzean. Hala, ikasturtearen hasiera honetan DBH osoan ezarri dute euskal curriculumean eta gaitasunetan oinarritutako pedagogia-proiektua. Lehen Hezkuntzan ere hasi dira ezartzen pedagogia-proiektu hau. Aurten, 40 ikastola baino gehiago hasi dira erabiltzen proiekturako material berriak.

Amaitzeko, urtarriletik aurrera, KIVA metodoa ezarriko dute, eskola-jazarpenaren aurka.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Politika albisteak LOMLOE Albisteak Nafarroa EAE Alderdi politikoak berriak Eguneko albisteak Nafarroako Gobernua berriak Hezkuntzako albisteak 2024