Politika -

EUSKO LEGEBILTZARRA

EH Bilduk Maddalen Iriarte hautatu du balizko lehendakarigai gisa

EH Bilduk zehaztu duenez, Eusko Legebiltzarreko inbestidura-saioan lehendakarigaia aurkezteko ala ez aurkezteko "behin betiko erabakia" alderdi jeltzalearekin dauzkan elkarrizketen baitan egongo da.

Maddalen Iriarte izango da EH Bilduren lehendakarigaia

1:07

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJrekin martxan dituen negoziazioak fruiturik ematen duten esperoan, EH Bilduren oinarriek, larunbat honetan egin duten batzarrean, Maddalen Iriarte aukeratu dute lehendakari izateko hautagai, hau da, irailaren 25eko hauteskunde autonomikoetan koalizio abertzalearen Gipuzkoako zerrendaburua izan zena.

Dena den, EH Bilduk zehaztu duenez, Eusko Legebiltzarreko inbestidura-saioan lehendakarigaia aurkezteko ala ez aurkezteko "behin betiko erabakia" Euskoa Alderdi Jeltzalearekin dauzkan elkarrizketen baitan egongo da. Izan ere, batzarra egin aurretik, Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak Radio Euskadin egin dituen adierazpenetan ziurtatu du lehendakarigaiaren hautaketa "behin-behineko eran" egiten dela, EAJrekin dituzten elkarrizketek emaitzarik ematen ez duten kasurako.

Batzar irekia egin du goizean EH Bilduk Donostian, parke teknologikoan, eta bertan hartu dute erabakia. Egoera politikoaz eta legealdi berriaz hitz egiteko elkartu dira. Besteak beste, gainerako alderdiekin egiten ari diren bileretan jasotako informazioa izan dute hizpide.

EH Bilduk jakitera eman duenez, aurrena, hautagaia aurkeztu ala ez erabakitzeko egin dute bozketa, eta gehiengo zabal batek aurkeztearen aldeko botoa eman du.

Behin hori erabakita, lehendakarigaia nor izango den bozkatu dute, Miren Larrion, Maddalen Iriarte eta Jasone Agirreren artean, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiako zerrendaburuak, hurrenez hurren. Emaitzaren datu zehatzik zabaldu ez duten arren, Iriartek erraz irabazi du.

Oso pozik hartu du erabakia Iriartek. "Ohorea da niretzako gaurko lekukoa Arnaldo Otegiren eskutik hartzea", esan du. Hautagaia bera izango den arren, EH Bilduren lehendakarigaia herria dela esan du. Orain arte bezala, EH Bilduren ilusioa zabaltzeko konpromisoari eutsiko diola eta ahalegin horretan larrua utziko duela hitz eman du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra bideoak Alderdi politikoak EH Bildu Eguneko albisteak Eguneko albisteak EH Bildu bozeramailea