Politika -

Inbestidura saioa

Rajoy: 'Espainian Gobernu sendoa eta iraunkorra osatzeko nago hemen'

Mariano Rajoyk onartu du gobernatzeko akordioak beharko dituela eta, ildo horretan, eskua luzatu die gainerako taldeei. Saioak 09:00etan jarraituko du.

Mariano Rajoy inbestidura saioan. Argazkia: EFE
Mariano Rajoy inbestidura saioan. Argazkia: EFE
Akordioak egunero landu beharko dituela adierazi du Rajoyk

1:27

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoyk esan zuen, Kongresuan egindako hitzaldian, presidente izateko hautagaitza aurkeztu duela, “Espainiarentzat gobernu berria osatzea premiazkoa delako eta Espainiak egonkortasuna behar duelako aurkeztu dut nire hautagaitza”. Hala adierazi zuen Mariano Rajoyk Espainiako Gobernuko presidente izendatzeko inbestiduraren lehen saioan.

Rajoyk agerraldia egin zuen Diputatuen Kongresuan, bere gobernu-programaren ildo nagusiak azaltzeko. Alderdi Popularreko ordezkariek txalo artean hartu zuten hautagaia.

Rajoyk Gobernu “egonkorra, iraunkorra, fidagarria,  gobernatzeko gaitasuna izango duena eta lasaitasuna emango duena” babestu zuen.

Alderdi Sozialistarekin koalizio gobernu handi bat egiten saiatu zela, baina ezinezkoa izan zela aitortu zuen. Hala ere, bere ustez, abenduaren 20ko hauteskundeetatik hona igaro diren hilabeteetan agerian geratu da gobernua osatzeko aukera bakarra Alderdi Popularrak daukala.

“PPk lortutako emaitzengatik ez dut harro agertu nahi, baina bidezkoa iruditzen zait boto gehien lortu zituen alderdiak gobernatzea; eta denborak argi utzi du Espainian Gobernua osatzeko alternatiba bakarra PP dela”, adierazi zuen.

Rajoyk ez zion Alderdi Sozialistari inolako aipu zuzenik egin, baina esan zuen azkeneko inbestidura saioa egin zenetik "aldaketa esanguratsuak" izan direla eta, oraingoan, gobernua osatzeko atea irekita dagoela.

Ildo horretan, Alderdi Popularrak gobernua osatzea ahalbidetzea “norbere printzipioei uko egitea ez” dela azpimarratu zuen.

Bestalde, Ciudadanosi eta Coalicion Canaria alderdiei emandako babesa eskertu zien, baita UPN, Foro Asturias eta PAR taldeei ere. Alderdi horiekin sinatutako akordioa bete egingo duela agindu zuen.

Bost Estatu-akordio eskaini ditu

Rajoyk aitortu zuen gutxiengoan gobernatuko duela, akordioak beharko dituela eta, beraz, legegintzaldi zaila izango duela aurretik.

Gainerako talde guztiei entzungo diela esan zuen, baina alderdi horiei guztiei arduraz jokatzeko eskatu zien, “egonkortasuna bermatzeko”.

Gauzak horrela, Rajoyk eskua luzatu zien Kongresuko taldeei legegintzaldi berrian Estatuaren gai nagusiak adosteko. Zehazki, akordioak ondoko bost gaietan proposatu zituen: pentsio-sisteman, ekonomian eta enpleguan, hezkuntzan, finantzazio autonomikoan eta ustelkerian.

Presidente izendatuz gero, esparru horietan berehalako neurriak hartzeko prest agertu zen, eta epeak ere iragarri zituen. Ildo horretan, eragile sozialekin, hezkuntza sektorearekin eta erkidego autonomoekin elkarlanean aritzeko borondatea erakutsi zuen.

Rajoyk onartu zuen alderdi ezberdinen artean adostasunetara heltzea zaila izango dela, baina gogoratu zuen gai konkretuetan eta salbuespeneko egoeratan akordioa lortzeko gai izan direla iraganean. “Ez gara hutsetik hasten”, erantsi zuen.

Kataluniako prozesu soberanista

Bestalde, Rajoyk esan zuen Kataluniako prozesu soberanista dela Espainian une honetan duen “erronka larriena”. Kataluniako Gobernuarekin hitz egiteko eta elkarlanerako beti prest egon dela ere adierazi zuen.

“Kataluniako herritarren benetako beharrizanei erantzuten saiatu naiz, nire ardura delako eta haien arazoek kezkatzen nautelako”, erantsi zuen.

Alabaina, konponbidea lortzeko lehen urratsa “legea eta espainiar guztien eskubideak” errespetatzea dela azpimarratu.

Horrenbestez, berretsi egin zuen Espainia dela “herri soberano bakarra”.

Saioak gaur jarraituko du

Mariano Rajoyren inbestiduraren gaineko eztabaidak gaur, osteguna, jarraituko du 09:00etatik aurrera, alderdien ordezkarien hitzaldiekin. Bozeramaleek hitza hartuko dute, talde parlamentario handienetik txikienera, eta lehenengoa Antonio Hernando PSOEren diputatua izango da. Aurreikusi dutenez, lehen bozketa 19:00ak aldera egingo dute.

Bozeramale bakoitzak 30 minutuko txanda izango du, ondoren, 10 minutuko erantzuna, eta beste balizko ihardespen bat, bost minutukoa.

Rajoyk, bere aldetik, alderdiei banan-banan erantzuteko aukera izango du, edo hitzaldi jarraituan, denbora mugarik gabe; hain zuzen, horrek baldintzatuko du bigarren jardunaldiaren iraupena.

Halere, asmoa eztabaida "arintzea" da, bakoitzari dagokion denborara egokituta. Gauzak horrela eginez gero, lehen bozketa 19:00ak aldera egingo litzateke, eta Rajoyk gehiengo osoa beharko du horretan.

Ondoren, Pablo Iglesias Podemoseko buruak hitza hartuko du eta, aurreratu dutenez, alderdia "oposizio berri" gisa aurkeztuko du, PSOEk "amore eman" ostean.

Unidos Podemosen esanetan, "eztabaidaren maila igotzen" saiatuko da eta Rajoyri Gobernua emango dion "aliantza hirukoitzaren" aurrean Unidos Podemos aukera dagoela azpimarratuko du. Gainera, alderdiak adierazi duenez, inbestidura saioa "historikoa" da, sozialistek PPk gobernatzea ahalbidetuko dutelako, eta ez dutelako aho batez bozkatuko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Berriak Politika Albisteak Alderdi Popularra Rajoy berriak Espainiako Gobernua argazkiak Eguneko albisteak