Politika -

Bakegintza eta bizikidetza

Foro Sozialaren bake-jardunaldia hartuko du Nafarroako Parlamentuak

"Bake prozesua bultzatzeko urrats ausartak emateko prest dauden pertsona eta erakunde anitzak behar dira", azpimarratu du Foro Sozialak.

Foro Sozialaren ordezkariak. Argazkia: EFE
Foro Sozialaren ordezkariak. Argazkia: EFE
Foro Sozialaren ordezkariak. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken zortzi hilabeteotan Nafarroako erakundeekin, alderdi politikoekin eta gizarte-eragileekin bilerak egiten aritu da Euskal Herriko bake prozesua bultzatzeko Foro Soziala. ETAren armagabetze osoa eta egiaztagarria lortzea da legegintzaldi honetako helburu nagusia eta horretarako epe-muga jarri du: 2019ko udaberria.

Horrez gain, Foro Sozialak bere lehen ekimena egingo du Nafarroan: bake jardunaldia antolatu dute Foru Parlamentuan, azaroaren 4rako.

Bi mahai-inguru egongo dira, indarkeria mota ezberdinak pairatu dituzten pertsonekin osatuta. “Senide bat galdu dutenak, ETAren mehatxupean egon direnak, torturatuak, jazarpena jasan dutenak edo Espainia eta Frantziako espetxeetan dauden presoek senitartekoak”, azaldu dute Foro Sozialeko ordezkariek.

Joan den urriaren 22a, Donostiako Aiete Jauregian aurkeztu zituzten azken zortzi hilabeteotan Eusko Jaurlaritzarekin, alderdi politikoekin eta eragile sozial eta ekonomikoekin izandako bileren emaitzak.

Nafarroan ere lanean aritu dira eta, besteak beste, Nafarroako Gobernuarekin, Ainhoa Aznarez Parlamentuko presidentearekin, Geroa Bairekin, Podemosekin, EH Biludrekin, Izquierda-Ezkerrarekin eta PSNrekin bildu dira. Erakunde sozialekin eta norbanakoekin ere izan dituzte harremanak.

Agus Hernan Foro Sozialaren koordinatzaileak azpimarratu du kasu guztietan ondorioa bera dela: “denak bat datoz ETAren armagabetzea erabatekoa izan behar dela eta bide horretan pausoak eman behar direla”.

Areago, prozesu hori arrazoizko epe batean gauzatu behar dela, egutegia adostutakoa izan behar dela eta armagabetzea nazioarteko komunitateak egiaztatu behar duela uste dute guztiek.

“Frantziako eta Espainiako estatuei itxaroten egon barik, armagabetzea ordenatua, erabatekoa eta behin betikoa izan behar denaren iritzia gero eta zabalagoa da Nafarroan, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Ipar Euskal Herrian”, esan du Hernanek. Ildo horretan, “prozesua ez oztopatzeko” eskatu die Madrilen dauden diputatu eta senatari nafarrei.

Mariano Rajoyren inbestiduraz eta horrek armagabetze prozesuan izan dezakeen eraginaz galdetuta, Hernanek aitortu du ez dagoela “inolako zantzurik” Espainiako eta Frantziako gobernuek jarrera aldatuko dutela  eta, beraz, armagabetze ordenatu bat ahalbidetuko dutela pentsatzeko.

ETAk borroka armatua betirako bukatutzat eman zuela iragarri zuenetik bost urte igaro direnean, “gai batzuetan” aurrerapenik izan ez dela edo emandako urratsak eznahikoak izan direla deitoratu dute Foro Sozialaren ordezkariek.

Horrenbestez, “bake prozesua bultzatzeko urrats ausartak emateko prest dauden pertsona eta erakunde anitzak behar dira”, azpimarratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Nafarroa Presoak ETA albisteak Gaurko azken ordukoa Nafarroako Gobernua berriak Nafarroako Parlamentuko albisteak Bakea Euskadin Terrorismoaren Biktimak