Politika -

Auzitegi Nazionala

Altsasuko erasoagatik atxilotutako sei espetxera bidali ditu epaileak

Bestalde, atxilotu ez dituzten bi gazteak euren borondatez joan ziren arratsaldean Auzitegi Nazionalera, eta aske utzi ditu. Gainera, beste bi pertsonak deklaratuko dute datorren asteazkenean.

Elkarretaratzea egin dute Altsasun, atxilotuak aske uztea exijitzeko. Argazkia: EFE
Elkarretaratzea egin dute Altsasun, atxilotuak aske uztea exijitzeko. Argazkia: EFE
Altsasuko alkatea atxiloketei buruz: 'Lekuz kanpo daude'

1:27

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak baldintzarik eta bermerik gabeko espetxe-zigorra ezarri du Altsasun bi guardia zibilekin eta haien bikotekideekin izandako liskarragatik lotuta astelehenean atxilotutako zortzi lagunetatik seirentzat, terrorismo delitua egotzita. Albiste-agentziek zabaldu dutenez, erasoan zuzenean parte hartu izana leporatzen diete seiei.

Hala, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren eskaera aintzat hartu du epaileak, eta Zigor Kodeko 573 bis artikuluan oinarrituta, baldintzarik gabe kartzelara bidali ditu. Atxilotuek ihes egiteko arrisku handia dagoela arrazoitu du Lamelak.

Era berean, gainerako biak aske utzi ditu, erasorik egin ez zutela iritzita, baina bi astean behin epaitegian agertzeko aginduarekin.

Goizeko zortzi atxilotuez gain, beste bi pertsona atxilotzen saiatu dira guardia zibilak, baina ez dituzte topatu. Aipatu bi lagunak euren kabuz bertaratu dira Auzitegi Nazionalean atzo arratsaldean, eta asteazkenean epailearen aurrean deklaratuko dute.

Atxilotuak 20:00etan inguruan hasi ziren Carmen Lamela epailean aurrean deklaratzen, Auzitegi Nazionalean.

'Ausiki' izeneko polizia-operazioan, Guardia Zibilak zortzi pertsona atxilotu zituen atzo, Altsasun bi guardia zibilek eta haien bikotekideek salatutako erasoarekin lotura dutelakoan.

Zehatz-mehatz, atxiloketok Iruñean, Altsasun, Gasteizen, Agurainen, Ordizian eta Madrilen egin zituzten, eta, ondoren, Auzitegi Nazionalera eraman.

Epaiketa Iruñean egitea eskatu du Udalak

Ildo horretatik, kasu horren izapideak, Auzitegi Nazionalean ikertu beharrean, Iruñeko 3. Instrukzio Epaitegian aztertu ditzatela eskatu zuen Altsasuko Udalak.

Udal Osoko Bilkurak erabaki hori onartu zuen, Geroa Bai, PSN-PSOE, EH BILDU eta Goazen Altsasu alderdien babesarekin.

Sinatzaileek adostu zuten testuan irakur daitekeenez, izapideak Nafarroako hiriburuan abiatu zuten, ?Foruzaingoaren txostenarekin, bera izan baitzen ikerketaren ardura hartu zuena?.

Ondorioz, kasuarekin jarraitzeko ?konpetentzia? duela adierazi zuten.

Testu horren bidez, babesa eskatzen diete erakunde guztiei (exekutiboari, legegileari baita judizialari), kasuaren izapideak Iruñean ikertu daitezen.

Halaber, harridura adierazten zuten auzokide batzuen izen-deiturak hedabideetan agertu direlako, horren inguruan inolako jakinarazpenik jaso gabe.

Gainera, Auzitegi Nazionalean jarritako salaketaren aurrean, atxilotutako gazteen gurasoak babesik gabe eta oso arduratuta daudela gogora ekartzen da, terrorismo delitua egotzi dietelako eta beraientzat zigor handiak eskatu ditzaketelako.

Azkenik, gertatutakoa dela eta elkartasuna adierazi diete herritar guztiei eta gertatutakoaren aurrean izandako jarreragatik eskerrak eman dizkiete.

Erreakzioak

Maria Jose Beaumont Nafarroako Gobernuko Barne kontseilariak salatu zuenez, atxiloketak ez ziren beharrezkoak, eta ez zegoen horiek goizaldean egin beharrik. Ildo horretan, atxiloketen inguruko balorazio negatiboa egin du.

Bestalde, hamarnaka lagunek elkarretaratzea egin zuten Altsasuko Udaletxearen aurrean, Guardia Zibilak egindako operazioa salatu eta atxilotuei babesa adierazteko.

Bilkura 13:00etan egin zuten eta lelo ezberdinetako kartelak erakutsi zituzten: ?Altsasuko gazteria aurrera?, ?Atxilotuak askatu? edota ?Errepresioari STOP?. 

Tabernako liskarra Auzitegi Nazionalera

Aurreko ostiralean, Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak esan zuen Altsasuko bi guardia zibilek salatutako liskarra "jazarpen eta beldurrezko kanpaina" baten ondorio dela, "guardia zibilek herritarrekin harremanak izatea saihesteko".

Gertakari horren ikerketa bere ardurapean uzteko eskatu zion Lamela epaileak Iruñeko 3. Instrukzio Epaitegiari; izan ere, Auzitegi Nazionaleko magistratuak uste du terrorismo delitua egon daitekeela, liskarra Estatuko Segurtasun Indarrak beldurrarazi eta Euskal Herritik alde egin dezatela lortzeko asmoz egin zutela iritzita.

Auzitegi Nazionalak jakinarazi zuen 12 pertsona identifikatu zituztela, erasoaren egileak direlakoan. Bi guardia zibilak "larriarazteaz" gain, erasoaren helburua Guardia Zibilaren gainerako agenteak, haien senideak eta Altsasun Guardia Zibila babesten duten herritarrak beldurraraztea izan zela zioen epaileak.

Hala, ANk ikerketa abiarazi du, nahiz eta Guardia Zibilak nahiz Foruzaingoak Altsasuko gertaerei buruz egindako txostenen arabera, urriaren 15ean ez zen bi guardia zibilen eta haien bikotekideen aurkako lintxamendu edo segada antolaturik izan.

Guardia Zibilaren ikerketaren arabera, "erasoa" izan zen, baina bi agenteen testigantza kolokan jarri zuen eta ordura arte zabaldutako bertsioa gezurtatu; hau da, Altsasuko 40-50 gaztek jipoitu zituztela.

Diario de Noticias egunkariak argitaratu zuenez, Guardia Zibilak gorroto delitu bat egon daitekeela uste du, baina ez du terrorismo deliturik antzeman, Covitek eskatu bezala.

Txostenean identifikatutako 12 pertsona horietako sei euren borondatez joan ziren urriaren 15ean Iruñeko Zaintza Epaitegira, deklaratzera. Alabaina, ez zuten epailearen aurrean deklaratzerik izan, bertako epaile titularra, Mari Paz Benito, ez zegoelako zaintzan.

 

 

http://www.eitb.eus/eu/herriak-hiriak/iruna/

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Iruñea gaur Nafarroa gaur Gasteiz albisteak Ordizia Eguneko albisteak Madril