Politika -

Zentsura

Euskal presoek egindako lanak zentsuratu ditu Donostia 2016k

"Autore jakin batzuen lanak erakutsita, biktimei min eman diezaiekegu", esanez justifikatu du betoa Pablo Berastegi zuzendariak.

Paper zatiak, zentsuratutako obrak jarri behar ziren tokietan. Argazkia: EFE
Paper zatiak, zentsuratutako obrak jarri behar ziren tokietan. Argazkia: EFE
Paper zatiak, zentsuratutako obrak jarri behar ziren tokietan. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostia 2016 Fundazioak euskal presoek egindako lanak erretiratu ditu Kultura Hiriburutzako programazioaren barruko erakusketa batetik, “terrorismoaren biktimei min egiteko beldurragatik”.

'Lekurik gabe, denborarik gabe. Giltzapekoak' izeneko erakusketak espetxeetan edo zentro psikiatrikoetan bizi diren pertsonen lanak biltzen ditu. Obra horietako batzuk euskal presoek eta preso ohiek egin dituzte eta polemika proiektu horren aurkezpenean piztu da.

Komisario gisa aritu den Pablo Martek salatu du erakusketa horretarako bildutako zenbait material zentsuratu egin dituztela.

Pablo Berastegui Donostia 2016ko zuzendaria eta Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatua alboan zituela egin du salaketa hori Martek. Itxasok esan du biktimei minik ez egiteko hartu dutela erabaki hori eta ukatu egin du zentsurarik egon denik.

Ildo berean hitz egin du Berasteguik: “Donostia 2016k biktimak jarri ditu, erakusketa-askatasunaren aurretik”. Eta argitu du erretiratutako obra horiek ez dutela eduki polemikorik, egileak nortzuk diren kontuan hartuta kendu dituztela onartuta.

EFE albiste-agentziaren arabera, zentsuratutako lanak marrazkiak, koadro bat eta bideo-film bat dira.

“Benda, zauria baino lehen”

Horrenbestez, Donostia 2016ko zuzendariak aitortu du “zauria egin baino lehen benda jarri” dutela, baina, era berean, ziur agertu da erabaki zuzena hartu dutela.

Denis Itxasok Pablo Berasteguiren berbak bere egin ditu eta onartu du arazoa ez dagoela obra horien edukian. “Baina kulturaz hitz egitea justiziaz, memoriaz eta enpatiaz hitz egitea da, eta autore batzuen lanek biktimei min eman diezaiekete eta hori Donostia 2016ren helburuen kontra joatea izango litzateke”, azaldu du.

Aipatu obrak jarri behar ziren tokian, paper zatiak jarri dituzte, haien hutsuneak “ikusgarri” egiteko asmoz, erakusketaren komisarioek hala erabakita.

Erakusketa gaur inauguratuko dute Koldo Mitxelena Kulturgunean eta urtarrilaren 17a arte egongo da ikusgai.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Donostia albisteak Gipuzkoa Donostia 2016 Presoak Eguneko albisteak