Politika -

Manifestazioa

Faxismoaren aurka eta askatasunen alde manifestatu dira Iruñean

Martxan zehar 3.500 krabelin banatu dituzte 1936ko kolpe militarraren ostean Nafarroan erail edota desagerrarazi zituzten beste horrenbeste pertsonen oroimenez.

Faxismoaren aurkako manifestazioa Iruñean. Argazkia: EFE
Faxismoaren aurkako manifestazioa Iruñean. Argazkia: EFE
Faxismoaren aurkako manifestazioa Iruñean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pertsona manifestatu dira larunbat arratsaldean Iruñean askatasunen alde eta faxismoaren aurka. Manifestazioa 60 kolektibo politiko, sozial eta sindikal baino gehiagok deituta egin da, memoria historikoaren alde beste urrats bat emateko asmoz.

"Askatasunen alde, faxismoari ez" leloa zuen pankarta txandaka eraman dute manifestazioa antolatu duten erakundeetako ordezkariek. Bertan izan dira Geroa Bai, EH Bildu, PSN eta I-E alderdietako kargu publikoak, besteak beste, Ainhoa Aznarez Legebiltzarreko presidentea, Maria Solana Gobernuko bozeramailea edota Joseba Asiron Iruñeko alkatea. Martxan zehar 3.500 krabelin banatu dituzte, 1936ko kolpe militarraren ostean Nafarroan erail edota desagerrarazi zituzten beste horrenbeste pertsonaren oroimenez.

Manifestazioaren bukaeran, antolatzaileek begi onez ikusi dute Memoria Historikoaren Legea bete eta "Molaren eta Sanjurjoren gorpuzkiak" Iruñeko Erorien Monumentuko kriptatik atera izana, baina gaitzetsi egin dute oraindik ere "kolpistek eraildako mila eta milaka pertsonen familiek euren senideak bide bazterretan eta leizetan" izatea.

Memoria eta duintasuna berreskuratzeko urratsak ematen ari direla adierazi duten arren, faxismoa "ez dela soilik oroimen beldurgarri bat", eta horren adierazle gisa Europako mugetan gertatzen ari direnak aipatu dituzte: " faxismo berri baten hazia baino ez da, xenofobiaz jantzitako faxismoa".

Ekitaldia minutu bateko isilunearekin bukatu da, eta tarte horretan bertaratu direnek eskuak gora jarrita krabelinak altxatu dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Iruñeko argazkiak Albisteak Nafarroa Joseba Asiron Gaurko azken orduko albistea Protestak gaur