Politika -

Ekitaldia Sukarrietan

Ortuzarrek dio 'konplexu gabe' negoziatuko dutela Euskadi lehenetsiz

Baieztatu duenaren arabera, negoziazio horiek Euskadin zein Madrilen edota Bruselan gauzatuko dituzte.

Madrilekin konplexurik gabe negoziatu nahi dun EAJk

1:31

Agentziak | Ererdakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar EAJko presidenteak gaur esan duenez, nazionalistek nahi duten Euskal Herriaren alde "negoziatzeko garai aproposak" datoz, eta negoziazio horiek "konplexurik gabe" eta "Euskadi eta bere interesak lehenetsita" gauzatuko dituztela gaineratu du.

Ortuzar Sukarrietan izan da, EAJren sortzailea izan zen Sabino Arana omentzeko ekitaldian, hura hil zela 113. urteurrena bete denean. Bertan bildutakoei zuzendu zaie eta esan die negoziazio horietan erabiliko duten "irizpide" bakarra euskal gizartearen ongizatea izango dela eta "eraikuntza nazionalean aurrera egitea".

"Gu Euskadi defendatzera, Euskadi hazi araztera, Euskadiren alde lan egitera, nahi dugun Euskadiren alde borrokatzera eta adostera, behar den lekuan, hemen, Madrilen edo Bruselan", azpimarratu du.

"Urratsez urrats aurrera egitea, lurzoru seguruaren gainean, ibilaldiaren erdian ez erortzeko. Horixe bera ari da egiten EAJ bere 121eko historian zehar", azaldu du.

Ekitaldi horretan Iñigo Urkullu lehendakaria eta bere alderdiko agintari nabarmenetako batzuk izan ditu lagun EAJko presidenteak, eta bertan gogoratu nahi izan du bere alderdiaren izaera "zuhurra, pragmatikoa eta errealitatera lotutakoa", populismoen eta "nagusi den demagogiaren" aurrean.

Horrela, adierazi du EAJk ez duela aginduko "zeruetara ailegatzea, ezta menderaezinak diren gailurretara igotzea ere", baizik eta "errealitatetik eta erantzukizunetik" gobernatuko duela; bere aburuz, "ezinezkoak direnak agintzen dituen erretorika errazak, etsipena eta politikarekiko aldentzea" besterik ez duelako sortzen.

EAJko agintariaren iritziz, "adostasunetik eta elkarrekiko errespetutik" abiatuta, beharrezkoa da tresna berriak eskuratzea, Euskadik bere inguruarekiko gero eta "mendetasun gutxiago" izan dezala lagunduko dutenak.

Dena dela, euskal autogobernuaren garrantzia nabarmendu du, zeinaren bidez eta "jendearen esfortzuarekin" posible izan den krisi ekonomikoari "eutsi" eta "berriro ekonomikoki haztea".

Bere mintzaldian zehar ezker abertzalearen aurka jardun du Ortuzarrek; izan ere, gaitzetsi egin du haien aitzindariek bere garaian "benetako gudarien legezkotasun historikoa" hautsi eta "herri honi mina, odola eta hondamendia besterik ekarri ez dion erakundea" eratu izana.

Aitzitik, albiste ontzat jo du ezker abertzaleak orain dela gutxi Eusko Legebiltzarrean Agirre lehendakariaren figura aldarrikatu izatea.

Gainerako alderdiak

Bestalde, EH Bilduk EAJri jakinarazi dio prest dagoela "zubiak eraiki eta estatus berri bat adosteko" baina, azpimarratu duenez, "estatus berri bat ez da Estatutu berri bat".

Horrekin lotuta, Iñigo Martinez Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak gogora ekarri duenez, "eskumenak eta inbertsioak salerosiko ez zituela hitzeman zuen EAJk".

Azkenik, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak esan du EAJrekin sinatu berri duten gobernu-akordioak "Euskadiko bi familia politiko handi elkartu" dituela "partekatutako elkargo baten proiektuan", zatiketa nahi dutenen aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PNV-EAJ Iñigo Urkullu biografia Andoni Ortuzar albisteak Eguneko albisteak