Politika -

auzitegi Konstituzionala

2017an Katalunian egitekoa zen erreferenduma, bertan behera

Auzitegi Konstituzionalak badaezpada hartutako neurria da, Gobernu espainiarrak aurkeztutako intzidentearen ondorioz.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi du Katalunian 2017an egitekoa den erreferenduma -beranduenez irailaren 17an-, Kataluniako Parlamentuak onartutako ebazpen horren aurka Gobernu espainiarrak aurkeztutako betearazpen intzidentea onartuta.

Hala, Konstituzionalaren osoko bilkurak onartu du Estatuko Abokatutzak Kataluniako Parlamentuak onartutako ebazpenen aurka aurkeztu zuen betearazpen intzidentea.

Espainiako Gobernuaren arabera, Kataluniako Parlamentuak Konstituzionalaren epai bati muzin egin zion, urriaren 6an onartutako ebazpenen bidez. "Kataluniaren etorkizun politikoa" buruzko 1 Tituluaren baitan "Erreferenduma" eta "Prozesu Konstituziogilea" atalak onartu zituen Parlamentu katalanak, eta hori izan da intzidentearen iturria.

Kataluniako Parlamentuak Junts pel Siren (JxSI) eta CUPen babesarekin eta Catalunya Si Que Es Poten abstentzioarekin onartu zuen ekimena. Horren baitan, beranduenera 2017ko irailaren 17an erreferendum loteslea egitea eta independentziaren % 50aren babesa baino handiagoa lortuz gero, sei hilabete geroago hauteskunde konstituziogileak deitzea adostu zuten.

Konstituzionalak pertsonalki jakinaraziko die erabakia Carme Forcadell Parlamentuko presidenteari, Mahaiko gainerako kideei, Parlamentuko idazkari nagusiari, Carles Puigdemont Generalitateko presidenteari eta Kataluniako Gobernuko gainerako kideei.

Agintari horiei guztiei ohartarazi die Konstituzionalaren ebazpena betetzeko betebeharra dutela eta aginduari entzungor egiten badiote erantzukizun penalak izan ditzaketela.

Auzitegi Konstituzionaleko osoko bilkurak hogei eguneko epea eman die fiskalari eta Kataluniako Parlamentuari alegazioak aurkezteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Berriak Politika Kataluniako erreferenduma Gaurko azken ordukoa Auzitegi Konstituzionala