Politika -

Batzarra, martxoan

Foro Sozialak presoei buruzko 'euskal bide orria' adostea proposatu du

Bake prozesua indartzeko mugimenduak bilera bat antolatuko du martxoaren 10 eta 11rako, presoak Euskal Herrira gerturatzeko pausoak adosteko asmoz.

Gobernuak bake prozesua blokeatzen ari direla salatu du Foro Sozialak

1:35

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bake prozesua indartzeko Foro Sozialak, ETA armagabetzea bultzatzeko eta presoen dispertsioa amaitzeko 2013an sortutako taldeak, bilera bat egingo du martxoaren 10 eta 11n, presoak Euskal Herrira gerturatzea helburu, “euskal bide orria adosteko”.

Hasiera batean, adostasun hori Euskal Herriko elkarte eta gizartera mugatuko da, Agus Hernan Foro Sozialeko bozeramaileak gaur eguerdian eginiko prentsaurrekoan zehaztu duenez, “Espainiako eta Frantziako gobernuen blokeo jarrera arduragabea” dela eta.

Martxoaren 10ean Donostian eta 11n Hendaian egingo duten batzarrean, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak oraintsu zabaldutako dokumentua ere hartuko dute hizpide, beste gai batzuen artean. Idatzi horretan, “legeak kartzelak husteko eskaintzen dituen aukera ezberdinak” erabiltzea proposatu zien EPPK-k presoei, muga gisa “damua eta salaketa” jarrita.

Hernanek adierazi duenez, Foro Soziala “banan banako berrintegrazioaren” alde dago; elkarte honek 2013an bildutako gomendioetan jaso zuenez, “presoek indarkeriari uko egin eta egindako kaltea aitortzea” da bide egokia.

Nazario Oleaga Bizkaiko Abokatu Bazkunaren dekano ohi eta Foro Sozialeko kideak gaurko ekitaldian esan duenez, “damu eta salaketa hitzak hedabideetan erabiltzen dira eremu juridikoan baino gehiago, edo ideologia jakin bateko pertsonen artean”.

"Legelari gisa –esan du– ETAko presoek gainerakoek dituzten eskubide berak izatea eskatzen dut, zigor gehigarririk gabe eta berdintasun egoeran”.

Foro Sozialeko ordezkariek epaileei baimena eskatzeko asmoa dute, Frantzian EPPK-ko bozeramaileekin biltze aldera, “tresna baliagarri” gisa deskribatu duten dokumentua aurrez aurre aztertzeko.

“Armagabetzea, gertuago”

ETA armagabetzeari dagokionez, Agus Hernanek esan du gaur egun 2016ko urtarrilean baino “askoz gertuago” dagoela “ETA armategiko ale guztiak deuseztatuz arrazoizko epe batean armagabetzeko unea”, nahiz eta erantsi duen ez daukala egoera berri hau azaltzeko “datu konkretu gehiagorik”.

Espainiako eta Frantziako Gobernuak armagabetzean inplikatzea ere eskatu du. Alabaina, “blokeoari” eusten badiote armagabetzea euskal erakundeek gainbegiratuta egitea azter daitekeela erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Presoak argazkiak Bakea eta adiskidetzea Euskadin