Politika -

GURE ESKU DAGO

Uribe Butroeko 170 hautetsik herri-galdeketa babestu dute

Gure Esku Dagok deituta, aurten, Euskal Herriko hainbat eskualdetan, egingo diren galdeketen olatura batuko da Uribe Butroe, eta gaur 170 hautetsik eta hautetsi ohik ekimena babestuko dute.

Gure Esku Dagoren ekitaldia Mungian. Argazkia: Gure Esku Dago
Gure Esku Dagoren ekitaldia Mungian. Argazkia: Gure Esku Dago
Gure Esku Dagoren ekitaldia Mungian. Argazkia: Gure Esku Dago

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2017ko maiatzaren 7an egingo da erabakitzeko eskubidearen inguruko herri-galdeketa Uribe Butroe eskualdeko herrietan, Gure Esku Dago herri ekimenak bultzatuta. Kontsulta horiei babesa adierazi diete gaur Mungia, Bakio, Meñaka, Arrieta, Gamiz-Fika, Jatabe eta Gatikako udaletako 170 hautetsik eta hautetsi ohik. Mungian izan dute hitzordua, 13:00ean; bertan bildutakoek argazki bat atera dute elkarrekin, adierazpen bat irakurri ondoren.

Euskal Herriko beste hainbat eskualde ere batuko dira galdeketen olatura datorren maiatzean.

Kontsulta horiek antolatu ahal izateko, ezinbestekoa da aurrez sinadurak biltzea, eta Uribe Butroen, dagoeneko, lortu dituzte. Gure Esku Dagok jakinarazi duenez, aise gainditu dute behar zuten gutxieneko kopurua, 2.000 izenpe baino gehiago lortuta. Hala, herritarrek erakutsitako babesa eskertu du plataformak.

Gaurko argazkian hainbat alderditako hautetsiak elkartu dira. Gure Esku Dagoren izenean, bertan izan dira, baita ere, Zelai Nikolas eleduna, Iñaki Zarraoa Getxo alkate ohia eta Ibon Arbulu Bilboko Udalean ezker abertzaleko zinegotzi izandakoa. Elkarlanaren eta aniztasunaren balioa nabarmendu dute.

Nikolasen hitzetan, erabakitzeko eskubidearen inguruan zubiak eraikitzea posible da, eta "herri-galdeketen bidez erabakiaren aroa marrazten ari da Euskal Herria". Horrez gain, "inor ez dagoela soberan, eta desberdinen arteko lana ezinbestekoa" dela azpimarratu du, "Euskal Herriak bizikidetza-etorkizuna eraiki dezan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gure Esku giza katea Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa