Politika -

Giza Eskubideak

Sakabanaketa-politikari buruzko eztabaida, Estrasburgoko Auzitegian

Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak lehenengo aldiz aztertuko du preso batek sakabanaketa-politikaren aurka jarritako salaketa.

Bilbon egindako manifestazio baten artxiboko argazkia. EFE
Bilbon egindako manifestazio baten artxiboko argazkia. EFE
Bilbon egindako manifestazio baten artxiboko argazkia. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Javier Arizkuren Ruiz presoak sakabanaketaren aurka jarritako salaketa Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira iritsi dela jakinarazi du Amaia Izko abokatuak SER irrati-katean egindako elkarrizketa batean.

Arizkuren Sevilla eta Cadizeko espetxeetan egon da preso. Egun, Murtziako kartzelan dago. Euskal Herriko presondegi batera hurbiltzea eskatu zuen, dispertsioa salatuta. Espetxeetako Zuzendaritzak, Zaintza Epaitegiak, Auzitegi Nazionalak eta Auzitegi Konstituzionalak, hurrenez hurren, atzera bota zuten eskaera hori. Eta orain kasua Estrasburgoko Auzitegira heldu da.

Estatuko ibilbide judizial guztia amaituta, Giza Eskubideen Auzitegiak aztertuko du orain Arizkurenen kasua.

Amaia Izkok azaldu duenez, helegitea "familia eskubidearen urraketan" oinarritzen da.

"Familiarekin harremanak izateko eskubideak sakabanaketak duen benetako eragina azalduko dugu, zer-nolako oztopoa den argudiatuta eta oztopo hori legearen kontrakoa eta justifikaziorik gabekoa dela azalduta", azpimarratu du.

"Sakabanaketa-politika legez kontrakoa da, Espainiako araudiaren babesik ez du eta ETAren kontrako borrokan ezinbestekoa dela zioen arrazoiak jada ez du oinarririk", nabarmendu du abokatuak.

Hortaz, Izkok iragarri du euskal presoek jarritako helegite gehiago iritsiko direla aurrerantzean Estrasburgora eta ebazpena aldekoa izango denaren itxaropena agertu du. "Hasteko, pozgarria da kasua aztertzea onartu izana", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Presoak bideoak Albisteak