Politika -

Gobernu bien arteko akordioa

Espainiako Gobernuak ez du udal legearen kontrako helegitea aurkeztuko

Errekurtsoa saihestuko duen ituna izenpetzear daude Espainiako exekutiboa eta Jaurlaritza, Erkorekak iragarri duenez.

Erkoreka eta Saenz de Santamaria Gasteizen bildu ziren, De Andresen kargu hartze ekitaldian. EiTB
Erkoreka eta Saenz de Santamaria. EiTB
Espainiako Gobernuak ez dio helegitea jarriko Euskadiko udal legeari

1:21

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko udal legea bere horretan geratuko da. Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak sinatzear dute lege honen kontrako helegitea saihestuko duen akordioa, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak gaur aurreratu duenez.

Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legea ?"udal legea" ezizenaz ezagutzen dena? Auzitegi Konstituzionalean errekurrituko zuela iragarri zuen uztailean Mariano Rajoyren gobernuak. Alabaina, azkenaldian bi gobernuek izandako hartu-emanei esker, halakorik ez zela egongo zirudien, eta Erkorekak gaur baieztatu du albistea, gobernu bileraren ostean egin ohi duen prentsaurrekoan.

 

 

Aldebiko bilera Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordea Gasteizen De Andresen kargu-hartzean zegoela baliatuta egin eta akordioa ixtear utzi zuten Jaurlaritzak eta Gobernu Zentralak. Erkorekaren iritzian, "garrantzitsua" da hitzarmena, "lege horren judizializazioa ekidin eta Eusko Legebiltzarrak joan den legealdian onartutako lege garrantzitsuenetako bat bertan behera uzteko aukera behin betiko ezabatuko baitu".

Jaurlaritza bozeramailearen aburuz, akordioak "gai garrantzitsuekin lotutako 12 artikulu argituko ditu". Besteak beste, hauek: euskararen erabilera udaletan, barne-antolakuntza eta udal akordioen publizitate aktiboa, eta herritarren partaidetza udaleko gaietan herri-kontsulten bidez.

Erkorekak azaldu duenez, asteon amaituko da iragarritako lau helegiteetako bi jartzeko epea. Izan ere, hilaren 14a, larunbata, zen udal legearen kontrako errekurtsoa aurkezteko azken eguna. Bezperan, berriz, bukatuko da Adikzioen Legearen kontrakoa aurkeztekoa.

Adikzioen Legean, adostasunik ez

Udal legearen inguruan akordioa erdietsi duten arren, gainerakoetan lehengo lepotik du burua Rajoyren gobernuak. Hala, oraingoz, ez du Adikzioen, Poliziaren biktimen eta Legegintzako Herri Ekimenaren legeen kontra iragarrita dituen helegiteetan atzera egiteko asmorik.

Arlo honetan, Erkorekak deitoratu duenez, "oso urrun" daude EAEko eta Espainiako gobernuen arteko jarrerak. Haatik, Eusko Jaurlaritzaren ustez, oraindik egunak geratzen dira akordio hori negoziatzeko, eta horrekin "aurrera egiteko bi gobernuen arteko aldebiko harremanen beharrezko normalizazioan".

Bozeramailearen hitzetan, kanabis-kontsumitzaileen klub pribatuak arautzeko Jaurlaritzak duen gaitasunaren inguruan dago bi gobernuen arteko desadostasuna.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea