Politika -

EITB-ren etorkizuna

EH Bilduk EiTB birsortzeko eztabaida abiaraztea proposatu du

EH Bilduk hainbat neurri proposatu ditu, EITB "kalitatezkoa, euskalduna eta independentea" izateko eta komunikabide publikoak "galdutako prestigioa berreskuratzeko".

Jasone Agirre eta Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkideak. Argazkia: EiTB
Jasone Agirre eta Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkideak. Argazkia: EiTB
Jasone Agirre eta Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkideak. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk Euskal Irrati Telebista Publikoari buruzko dokumentu bat landu du eta legegintzaldi honetan EITB birsortzeko “eztabaida serio bat” abiarazteko deia egin du.

Jasone Agirre eta Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkideek agerraldia egin du Gasteizko Ganberan koalizio soberanistaren proposamena aurkezteko. 2022rako EiTBren eredu berria zehaztuta izatea jarri dute helburutzat.

Jasone Agirrek gogoratu du Euskal Irrati Telebista 1982an sortu zela eta  “orduko eredua jada agortuta” dagoela erantsi du. Ildo berean, “EiTB gainbeheran” dagoela azpimarratu du, prestigioa galdu duelako eta digitalizazioaren araoak komunikabideetara ekarri dituen aldaketetara egokitzen jakin ez duelako nahiz “akats propioak” egin dituelako.

“Premiazkotzat jotzen dugu galdutako prestigioa berreskuratzea eta horretarako ezinbestekota da EiTBk eredu berria izatea, euskal gizartearen komunikazio eta entretenimendu beharrei erantzuteko”, azaldu du.

Independentea, kalitatezkoa eta euskalduna

EH Bilduk dagoeneko igorri die bere proposamena EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemoseko talde parlamentarioei. Dokumentu horretan EiTB “kalitatezkoa, euskalduna eta independentea” aldarrikatzen du koalizio soberanistak.

Bide horretan, hainbat neurri proposatzen ditu: EiTBren enpresa egitura aldatzea; gestoreen sistema amaitzea, “ardura postuak atzamarrez aukeratuak izan ez daitezen”; egiturako lan-taldea zehaztea; eta EiTB ikus-entzunezko euskal industriaren “motorra” bilakatzea.

Hizkuntzari dagokionez, EiTBk euskalduna izan behar duela dio EH Bilduk, “dualtasunarekin amaituta eta euskarari ETB2n, Radio Euskadin eta Radio Vitorian tokia eginda”. Horrez gain, Ikus-entzunezko Komunikazio Legea eta Kontseilu Erregulatzaile Independentea berritzearen alde egiten du.

EiTB herritarrengana hurbiltzeko bidean, ezinbestekotzat jotzen du albiste-agentzia publikoa sortzea.

“EiTBk anitza, inpartziala, objektiboa eta independentea izan behar du. Horrek emango dio prestigioa komunikabideari. EiTB ezin da izan agintean dagoen alderdiaren bozgorailua, azken urteotan gertatu den moduan”, kritikatu du Agirrek.

EiTBko zuzendaritzari dagokionez, EH Bilduk dio gogoeta egiteko prest dagoela, baina EiTBren birsortzeari helduko dion “zuzendaritza balientea” eskatu du, “2022an denok eroso, harro eta identifikatuta egotea sentiaraziko gaituen eredu berrian aurrera egiteko”.

PSEk positibotzat jo du EH Bilduren proposamena

Bestalde, PSEk esan du posible dela legegintzaldi honetan EiTBren “erreforma integrala” egitea, “zerbitzu publiko anitza, independentea eta kalitatezkoa bermatzeko asmoz”.

Hortaz, positibotzat jo du EH Bilduk gaur aurkeztu duen dokumentua eta Euskadiko Alderdi Sozialistak 2015ean egin zuen proposamenaren “ildo nagusiekin” bat datorrela adierazi du.

Begi onez ikusi ditu EH Bilduk proposatutako hainbat neurri, hala nola, EiTB errealitate soziolinguistikora egokitzea, teknologia berrietara egokitzea, egiturazko lan-taldea zehaztea edota arduradunak irizpide profesionalen arabera aukeratzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Legebiltzarra Telebista publikoa EH Bildu Bizkaia Gaurko azken orduko albistea