Politika -

Manifestazioa Bilbon

Euskal presoen eskubideen alde, jendetza espero du Sarek

Giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen aldeko manifestazioa 17:30ean abiatuko da Bilboko Casilla plazatik.

Manifestazioan parte hartzeko deia egin dute Sareren bozeramaileek. Argazkia: Sare
Manifestazioan parte hartzeko deia egin dute Sareren bozeramaileek. Argazkia: Sare
Manifestazioan parte hartzeko deia egin dute Sareren bozeramaileek. Argazkia: Sare

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa izango da larunbat honetan Bilbon eta Bizkaiko hiriburuko kale nagusiak "jendez gainezka" beteko direla uste du Sare herri plataformak.

Manifestazioa 17:30ean hasiko da Casilla Plazan, 'Euskal Presoak Euskal Herrira. Giza Eskubideak. Konponbidea. Bakea' lelopean.

Sarek jakinarazi du "ideologia politiko askotariko" hamahiru pertsonak eramango dutela pankarta. Hauek dira:

Joseba Azkarraga eta Bego Atxa (Sare); Juan Mari Olano eta Mertxe Galdos preso ohiak; Gentzane Callejo, larriki gaixorik dagoen Jagoba Codo presoaren senidea; Alice Leiciaguezahar (Bagoaz); Alaia Martin eta Unai Iturriaga bertsolariak; Xabier Morras margolaria; Ramon Zallo EHUko Komunikazio katedraduna; Elisabete Bizkarralegorra abokatua; Edurne Brouard, GALek hildako Santi Brouarden alaba; eta Rosa Rodero, ETAk hildako Joseba Goikoetxearen alarguna.

Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak azpimarratu du Bilboko manifestazioa ekimen "anitza" dela, eta ez ezker abertzalearen ekitaldi bat.

Bilbon hedabideen aurrean egindako prentsaurrekoan, Azkarragak manifestazioarekin bat egin ez duten eragileak hizpide izan ditu; besteak beste, EAJ, Ahal Dugu eta Ezker Anitza.

Beren erabakia "errespetuz" hartzen duela esan ostean, Sarerentzat "errespetu berdina" eskatu du, beren jarrera justifikatzeko deialdiaren atzean aukera politiko zehatz bat dagoela esatea ez dela zilegi iritzita.

Azkarragaren esanetan, pankartaren osaketak eta "lan alor ezberdinetatik deialdiarekiko babesa adierazi duten 100 pertsonen izenak, nahikoa behar lukete, Sareren eta bere ekimenen izaera zalantzan ez ipintzeko era etengabean".

Sarek azpimarratu duenez, larunbaterako aurreikuspenak "oso onak" dira: "Aurten, aurpegi eta sentsibilitate berriak gehitzea lortu dugu. Horregatik, milaka eta milaka hatz salatzailek Bilbo erdialdea hartuko dutela espero dugu, eta beraz, baikorrak gara".

Sare manifestazioa atxikimenduak EFE

(Ideologia ezberdinetako pertsonek babestu dute manifestazioa. Argazkia: EFE)

Espetxeetako egoera

Bestalde, Sarek ohartarazi du kartzelatako egoera egun okerragoa dela, 2011an ETAk bere jarduera armatua amaitutzat eman zuenean baino.

Dokumentu batean bildutako datuen arabera, sakabanaketak gora egin du. Egun 348 preso daude, baina horietako bi baino ez daude Euskal Herriko espetxeetan.

Gaixotasun larriak dituzten presoen kopurua ere hazi egin da: 12 dira jada. Zazpi preso, berriz, kalean egon beharko ziren, zigorra beteta.

Horrez gain, Sarek azpimarratu du euskal presoen % 95 lehen graduan daudela eta, ondorioz, "ez dute eskubiderik onurak eskatzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Presoak Gaurko azken ordukoa