Politika -

Eusko Jaurlaritza

Segurtasun Sailak 1.000 ertzain berri nahi ditu legegintzaldi honetan

Hutsune horiek betetzeko hiru deialdi publiko iragarri ditu Estefania Beltran de Heredia sailburuak.

Ertzaintza. Artxiboko argazkia: EiTB
Ertzaintza. Artxiboko argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak gaur jakinarazi duenez, Ertzaintza berritzea da legegintzaldi honi begira haren sailak duen erronka nagusienetako bat eta, hori dela eta, hurrengo lau urteetan hiru deialdi publiko iragarri ditu 1.000 ertzain berri inguru lortzeko.

Beltran de Herediak Segurtasun Sailak legegintzaldirako dituen egitasmoen berri eman du Eusko Legebiltzarreko batzordean. Haren esanetan, gaur egun Ertzaintzaren lan-taldea osatzen duten ertzainen % 15ek erretiroa hartuko dute.

Egoera horren aurrean, belaunaldi berrikuntza "antolatua, mailakatua eta planifikatua" egin nahi du. Horretarako, Ertzaintzaren 25. eta 26. promozioen aurka jarritako helegiteak erretiratzeko eskatu dio Segurtasun sailburuak Espainiako Gobernuari.

"Ezin dugu esku-sartze gehiagorik pairatu", azpimarratu du Beltran de Herediak. Gaineratu duenez, hori izango da Espainiako Barne ministroarekin egin beharreko lehen bilera ofizialean aztertu beharreko gaietako bat.

Bestalde, Estatuko segurtasun indarrak Euskaditik erretiratzea ere bilerako gai-zerrendan izango dela ziurtatu du Segurtasun sailburuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Ertzaintza Eusko Jaurlaritza albisteak Eguneko albisteak