Politika -

Bilera Lehendakaritzan

'Politika judizializatzeari' uztea eskatu dio Urkulluk De Andresi

Bere aldetik, Gobernu ordezkariak 'trabatuta dauden gaietan adostasunak lortzeko borondatea' adierazi dio lehendakariari.

Errespetua eskatu dio Iñigo Urkullu lehendakariak Javier de Andresi

1:50

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak "politika judizializatzeko etapari" amaiera ematea eta "auzitegietara jo aurretik elkarrizketari heltzea" eskatu dio gaur Javier de Andres Gobernu ordezkari berriari.

Urkulluk Gasteizen hartu du Den Andres, azken horrek joan zen astean Gobernu ordezkariaren kargua hartu zuenetik elkarrekin izan duten lehen topaketan. Batak zein besteak azaldu dutenez, biek ikusten dute beharrezkoa elkarrizketari eta lankidetzari heltzea akordioak erdiesteko.

Bilerak ordu eta erdi iraun du, eta bukatu ostean Gobernu ordezkaria kazetarien aurrean agertu da. Azaldu duenaren arabera, lehendakariari "trabatuta dauden gaietan adostasunak bilatzeko asmoa" igorri dio.

Onartu duenez, ikuspegi desberdinak daude Espainiako (PP) eta EAEko (EAJ) gobernuak osatzen dituzten alderdien artean, baina "gai nagusietan bat-etortze garrantzitsuak" dauzkatela eta "arazoak lankidetzan konpontzea eskatzen dituzten erronkak" daudela zehaztu du.

Eusko Jaurlaritzako iturrien esanetan, "konfrontazioa" baztertu eta "kooperazioan eta lankidetzan" oinarritutako etapa berri bat abiatzearen alde agertu da lehendakaria; horrez gain, "politika judizializatzeko" etapari amaiera ematea eta "auzitegietara jo aurretik elkarrizketari heltzea" defendatu du.

Urkulluk De Andresi gogorarazi dio aurreko legegintzaldian Gobernu Ordezkaritzak "milatik gora errekurtso" aurkeztu dituela "euskal erakundeen jarduera oztopatzeko", eta aparteko aipamena egin die euskararen erabilpenaren ingurukoei eta udalekin zerikusia dutenei buruz.

Dena dela, konpon daitezela espero du Espainiako Gobernuak Udalen Legea Auzitegi Konstituzionalera eramatea baztertu ostean.

Gai horren harira, De Andresek adierazi du Gobernu Ordezkaritzak "auzitegietara jotzeko duen jarrera" ez doala Eusko Jaurlaritzaren kontra, azken lau urteetan Gobernuaren "19 dekretu eta jarduera besterik ez baititu errekurritu". Gainerakoak Euskadiko beste zenbait erakundek (udalek eta aldundiek) hartutako erabakien aurka zuzendu direla gaineratu du.

Halaber, gai horietan "akordioetara iristeko asmoa" duela berretsi du, Udal Legearekin gertatu den bezala; alabaina, ohartarazi duenez, horretarako ezinbestekoa da alderdi biek elkar ulermenerako jarrera bera izatea.

De Andresek, gainera, auzi horietan nahasita dauden sailburuekin biltzeko asmoa duela agertu du "trabatuta dauden gaiak" jorratzeko, baina ez direla horren garrantzitsuak esan du, "auzi nabarmenenak Espainiako gobernuak zuzenean errekurritu dituelako".

Ertzaintzaren azken promozioaren kasuari dagokionez, "bi gobernuen artean negoziatu behar den kontua" dela adierazi du, eta Mariano Rajoy Espainiako presidenteak eta Iñigo Urkulluk elkarrekin izango duten hurrengo bileran landuko dutela aurreratu du.

Oraindik datarik ez duen hitzordu horren inguruan, Gobernu ordezkariaren esanetan "aparteko garrantzia dauka egungo egoera politikoagatik"; izan ere, orain legegintzaldi berri bati emango zaio hasiera "eta garrantzitsua da harremana berreskuratzea". De Andresek, gainera, Rajoyren "elkarrizketarako  borondatea" igorri dio lehendakariari.

Urkulluk, bere aldetik, elkar ulermenerako abiapuntutzat "euskal autogobernuak duen berezitasuna eta haren ezaugarrien izaera berezia onartzea" dela uste du, "batez ere euskarari eta sinbolo propioei dagokienez".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Urkullu albisteak Eusko Jaurlaritza berriak Espainiako Gobernua Javier de Andres Gaurko azken ordukoa