Politika -

Kongresua

Sortuk berretsi du independentzia 'akordioekin baino ezin dela lortu'

Arnaldo Otegi aukeratu dute alderdi abertzaleko idazkari nagusi izateko.

Sortuk birfundazio kongresua egin du Bilbon. Argazkia: EiTB
Sortuk birfundazio kongresua egin du Bilbon. Argazkia: EiTB
Sorturen Kontseilu Nazionaleko kide berriak aurkeztu dituzte

1:45

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sorturen iritziz, euskal herritarrak "independentziarantz eramateko unea iritsi da", helburu hori "akordioekin baino ezin dela lortu" jakinda, "zehatzak zein estrategikoak".

Gaur goizean Bilbon egindako kongresuan Miren Zabaletak irakurritako ebazpena onartu dute. "Kalera irten eta aldaketa berriak bultzatzeko ordua da, gure herria independentziarantz eramateko garaia iritsi delako", azpimarratu dute testuan.

"Aldaketa politikoa" beharrezkoa dela nabarmendu eta independentzia "aukera onena" dela berretsi ostean, aldaketa hori "akordioekin baino ezin dela lortu", esan dute, "zehatzak edo estrategikoak".

Sortu "euskal hiritarren askapen nazionalerako eta sozialerako tresna" dela adierazi dute goizeko ekitaldian. Horrez gain, datozen hilabeteetako jarduera politikoa proiektu independentistak eta egoera ekonomikoak gidatuko dutela baieztatu dute, "krisiak herritarrak txirotu" dituela kontuan izanik.

"Ez ditugu estandar espainiarra eta frantsesa onartzen gu neurtzeko. Herrialde gisa dugun gaitasunaren neurrira antolatutako ekonomia, industria, eredu fiskala, lan eta gizarte harremanak eta aberastasunaren banaketa nahi ditugu", gaineratu du Arnaldo Otegik gidatutako alderdiak.

ETAren presoen eta haien senitartekoen eskubideak daude Sorturen lehentasunetan. Izan ere, "guztioi eta, bereziki, euskal instituzioei" dagokiela esan dute, agertoki politiko berrian pertsona ororen eskubideak defendatu eta bermatu ahal izateko baldintzak abiatzea.

Zuzendaritza berria

Sorturen Kontseilu Nazionala osatuko duten azken 15 kideren izenak jakinarazi dituzte: Elena Lopez, Anita Lopepe, Lur Arbizu, Marian Beitialarrangoitia, Eneko Compains, Nerea Guijarrubia, Nekane Zinkunegi, Elena Beloki, Floren Aoiz, Xabi Larralde, Ibon Meñika, Gorka Ortiz de Guinea, Karlos Renedo, Rufi Etxeberria, Maite Sabalza  eta Jean Francois Lefort. Bestalde, gidaritzatik at geratu dira ezker abertzaleko hainbat agintari historiko: Karmelo Landa, Joseba Permach eta Pernando Barrena, besteak beste.

Barne-prozedurari dagokionez, berriz, "ezker abertzalea indartsuago, biziago, kohesionatuago eta sendoago dago, orain dela urtebete baino, azken hilabeteotan burututako birfundazio-prozesuari esker. XXI. mendeko ezker abertzalea", baieztatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi albisteak Politika albisteak Sorturen albisteak Albisteak