Politika -

Egitura politiko berria

Ipar Euskal Herriko Herri Elkargoak presidentea aukeratuko du gaur

Jean-René Etchegaray Baionako alkatea eta Bernard Lougarot Gotaine-Irabarneko (Zuberoa) auzapeza dira aurkeztuko diren hautagaiak.

Herri Elkargoak presidentea izango du astelehenetik aurrera

1:06

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ipar Euskal Herria trantsizio garaian murgilduta dago Herri Elkargoaren sorrerarekin. Izan ere, 2017. urtea heldu eta batera, indarrean sartu zen Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa biltzen dituen euskal erakundea. Hiru lurralde horiek batera aintzat hartzen dituen lehen erakundea da.

Ez da, nolanahi ere, benetako autonomia egitura bat, baizik eta iazko abenduaren 31ra arte Iparraldek zituen 10 mankomunitateen batasuna.

Karguen hautaketa

Gaur arratsaldean lehendabiziko biltzarra egingo dute Baionan erakunde berriak dituen 233 kideek, eta besteak beste, presidentea aukeratu beharko dute.

Bi hautagai daude: batetik, Jean-René Etchegaray Baionako alkatea, eta, bestetik, Bernard Lougarot Gotaine-Irabarneko (Zuberoa) auzapeza. Hainbat iturriren arabera, Etchegaray da hautatua izateko aukera gehien dituena, urte luzez elkargoaren sorreraren alde lan egin ostean. Gainera, Lougarot ustekabeko hautagaia da, orain arte erakundearen sortzearen aurkako jarrera izan baitu eta orain hura zuzentzeko aurkeztu du bere burua duela egun gutxi.

Elkargoaren egitura

Herri Elkargoak 300 000 biztanle eta 158 udalerri biltzen ditu bere barruan, eta 200 milioi euro inguruko aurrekontua izango du.

Horrez gain, erakunde sortu berria hiru egitura nagusiz egongo da osatuta: kontseilua, batzorde iraunkorra eta batzorde eragilea, eta biharko hautaketan, presidentea aukeratzeaz gain, hiru egitura horietan nork parte hartuko duen ere erabaki beharko dute.

Elkargoa defendatu dutenen iritziz, lurraldetasuna bermatzeko oinarri sendoa izango da euskaran eta kulturan, ekonomian, lurralde antolaketan, etxebizitzan edota garraioetan eskumenak izango dituen elkargoa.

Udalerrien artean % 70eko babesa lortu zuen elkargoaren eraketak, alkateen % 30a besterik ez zirelarik kontra agertu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Iparraldea albisteak Baionako bideoak Eguneko albisteak Jean-René Etchegaray albisteak