Politika -

Hausnarketa prozesua

Udalbiltzak gogoeta prozesua egingo du, aro berrira egokitzeko

Udalbiltzak Euskal Herrian bizi den testuinguru politiko berrira egokitu nahi ditu bere programak eta jarduerak.

Luis Intxauspek Udalbiltzako presidente kargua hartu zuen unea. Argazkia: EFE
Luis Intxauspek Udalbiltzako presidente kargua hartu zuen unea. Argazkia: EFE
Luis Intxauspek Udalbiltzako presidente kargua hartu zuen unea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Udalbiltzak iragarri du gogoeta prozesu bat egingo duela datozen hilabeteotan, erakunde hori Euskal Herrian irekitako aro politiko berrira egokitzeko, bere programak eta jarduerak berriztuta.

Luis Intxauspe Hernaniko alkate eta Udalbiltzako presidenteak eman ditu hausnarketa prozesuaren inguruko xehetasunak Donostiako udaletxean egindako agerraldian, Loren Arkotxa eta Mertxe Aizpurua presidente ohiek lagunduta. Erakundearen birfundaziorako prozesua ez dela zehaztu du.

Azken urteotan izandako aldaketa nagusiak aipatu ditu, hala nola, ezker abertzalearen legalizazioa, ETAren jarduera armatuaren amaiera, Nafarroako Gobernuan izandako aldaketa edo Ipar Euskal Herria bere osotasunean aintzat hartzen duen Herri Elkargoaren sorrera.

Ildo berean, Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan zuen ordezkariak Udalbiltzaren aurka jarritako helegiteak bertan behera geratu izana azpimarratu du, Udalbiltza legearen baitan sortutako eta antolatutako erakundea dela frogatuta geratu delako.

Testuinguru horretan, erakundeen arteko lanerako aukera berria ireki direla uste du Udalbiltzak. Hori dela eta, beren programa eta jarduera eraberritzeko gogoeta egitea erabaki dute.

Hiru fase

Udalbiltzaren barne-prozesuak hiru fase izango ditu. Lehenengoa apirilean egingo dute, Euskal Herriko hautetsien parte-hartzearekin.

Bigarren fasean, gogoeta honekiko interesa duten herritarrek parte hartu ahal izango dute. Hirugarren fasean, berriz, Udalbiltzan dauden edo erakundearekin elkarlanean aritu diren eragile politiko eta sozialek hartuko dute parte.

Udalbiltzaren gogoeta prozesua alderdi guztietako kargu politiko guztiei, herritar orori eta euskal diasporari irekita dagoela azpimarratu du Intxauspek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Nafarroako albisteak Iparraldea argazkiak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gaurko azken orduko albistea