Politika -

EUSKO LEGEBILTZARRA

Autogobernuaren batzorde-txostengilea eratu du Legebiltzarrak

EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin Podemosek babestu dute; aldiz, EH Bildu abstenitu egin da eta PPk aurkako boza eman du.

Eusko Legebiltzarra. Artxiboko argazkia: EiTB
Eusko Legebiltzarra. Artxiboko argazkia: EiTB
Autogobernuaren lan taldea aktibatu da Legebiltzarrean

1:42

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak autogobernuari buruzko batzorde-txostengile bat eratzea onartu du ostegun honetan. Horren alde egin dute EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos alderdiek. Aldiz, EH Bildu abstenitu egin da bozketan, eta PPk kontrako botoa eman du. Azken alderdi hori oso kritiko azaldu da organo horrek duen helburua dela eta, baina "eraberritutako ilusioarekin" bertan parte hartuko duela azaldu du.

Gaur eratutako batzorde–txostengileak aurreko legegintzaldian sortutako batzordearen lanei ekingo die berriro, eta bere helburua da autogobernuaren erreforma eta eguneraketarako oinarrien gainean "formulazio ireki, baina zehatz bat" adostea, Gernikako Estatua eraberrituko duen testu artikulatu baten zirriborroa erdiesteko.

Testuan jasotzen denez, autogobernuaren eguneraketa "eskubide sozialak, ekonomikoak eta kulturalak" sendotu eta hedatzeko "aukera" ere bada. Era berean, batzordeak "euskal herritarrek demokratikoki adierazitako borondate politikoa" errespetatuko duela ere irakur daiteke aipatu testu horretan.

Alderdi guztiak prest agertu dira batzordean parte hartzeko, baita PP ere; alabaina, Borja Semper alderdi horretako bozeramaileak zalantzan jarri du organo hori eratzeko beharra. Berea buruz, alderdi bakoitzak dituen jarrerak zien diren ikusita, "aurreikusi ezin daitezkeen buruhauste batean murgil dezake Euskadi eta kale itsu batean sartu”.

Gernikako Estatutuak dituen ahalmenak aprobetxatzearen alde agertu da, baina PP batzorde horretan "eraberritutako ilusioarekin" jardungo duela argitu du. Aurretik, EAJri galdetu dio ea zein den "Euskadirentzat defendatzen duen estatus politikoa".

Bestalde, Joseba Egibar EAJren bozeramaileak adierazi duenez, bere alderdiak "ahalik eta adostasun zabalena" lortu nahi du, "betorik gabe", azkenean herritarrei galdeketa eginez bukatzeko.

Egibarrek "erreinuko zuzentzaile" gisa ez aritzeko gomendatu die PPko legebiltzarkideei, eta euren "gogoak ireki" ditzatela ekarpenak egin eta "ahalik eta adostasun handiera erdiesteko".

EH Bilduko Maddalen Iriarteren arabera, bere taldeak batzordean lan egingo du "zailtasunik jartzeko asmorik gabe eta aurretiazko baldintzarik ezarri gabe". Dena dela, argi utzi du bere alderdiak defendatzen duena dela herritarrek euren etorkizuna demokratikoki erabaki ahal izatea.

"EH Bilduk serio egingo du lan, merezi duen lekura eraman nahi duelako herria. Hankak lurrean jarri behar ditugu eta oinez egiteari ekin", azaldu du Iriartek.

Azkenik, Jose Antonio Pastor sozialisten bozeramaileak ohartarazi duenez, eztabaida horretan benetan garrantzia duena "ez da epeak edo datak jartzea, ezta nahasmena eragitea ere, baizik eta adostasun bat erdiestea", legezko prozedurak erabilita, "batzordeko lanen erabilgarritasunaren berme bakarra" izan daitezen.

Bere esanetan, sozialistek "XXI. mendeko errealitatera eta gizartearen beharrizan beharrietara egokitzen den" akordio batean egon nahi dute, "solidarioagoa, bidezkoagoa eta jendearentzat erabilgarriagoa" den Estatutu bat erdiesteko asmoz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika EAJ-PNV Eusko Legebiltzarra Alderdi politikoak EH Bildu PSE-EE berriak Euskadiko PP berriak Gaurko azken orduko albistea Podemos Ahal Dugu Euskadi