Politika -

Kontrol bilkura

Urkullu adingabeei egindako sexu abusuen harira: 'tolerantziarik ez'

Horrela erantzun die lehendakariak legegintzaldiko lehen kontrol bilkuran EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdiek aurkeztutako bi galderari.

Iñigo Urkullu, legebiltzarrean egindako aurreko beste agerraldi batean. Artxiboko argazkia.
Iñigo Urkullu, legebiltzarrean egindako aurreko beste agerraldi batean. Artxiboko argazkia.
Iñigo Urkullu, legebiltzarrean egindako aurreko beste agerraldi batean. Artxiboko argazkia.

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak gaur azpimarratu duenez, bere Gobernuak ez du inolako tolerantziarik izango adingabeei egindako sexu-gehiegikeriazko kasuen aurrean. Alabaina, gaineratu du Eusko Jaurlaritzari ez dagokiola akusazio partikularra izatea Gipuzkoako Elizan agertutako kasu zehatzean.

Horrela erantzun die Urkulluk legegintzaldiko lehen kontrol bilkuran EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdietako Oihana Etxebarrieta eta Eukene Arana legebiltzarkideek Juan Kruz Medizabal Gipuzkoako bikario jeneral ohiaren kasuaren harira aurkeztutako bi galderari. Elizak dagoeneko zigortu du Mendizabal 2001 eta 2005 urteen bitartean bi adingaberi sexu-gehiegikeriak egitegatik, eta Fiskaltza kasua ikertzen ari da.

Lehendakariak garbi utzi du bere Gobernuak "erabat" salatzen dituela haurren aurkako egindako sexu-abusuak, bai Eliza barruan egindakoak, bai beste edozein esparrutan egindakoak. Halaber, horren aurka jarduteko eta biktimei laguntza eskaintzeko bere eskuan dagoen oro egingo duela gaineratu du.

Ziurtatu duenez, ez da Elizan bakarrik gertatzen den arazoa, eta, bere esanetan, erakundeei dagokie sexu-abusuak saihestea eta halakoak jasan dituztenei babesa ematea.

"Gure lehentasuna pertsonak dira, biktimak eta familiak. Gure babes eta laguntza guztia eskaintzen diegu. Gehiegikeria guztiak salatzen ditugu, baita Elizan gertatzen direnak ere", nabarmendu du.

Urkulluren hitzetan, errespetatu egin behar da Mendizabalen kasuko biktimek anonimatuari eusteko hartutako erabakia, eta auzitegietara jotzeko aukera eskuragai dutela esan du. "Ez dagokigu guri akusazio partikularra izatea", azaldu du; gainera, Fiskaltzak prozedura bat ireki duela gogoratu du.

Lehendakariaren arabera, biktimek uneren batean Eusko jaurlaritzaren biltzea eskatuz gero, "haiekin batzeko prest egongo gara inolako zalantzarik gabe".

Bestalde, legebiltzarkideek hala eskatuta, testuingurua jarri die Erroman, Pietro Parolin Vatikanoko Estatu idazkariarekin bildu aurretik, egin zituen adierazpenei. Orduko hartan Gipuzkoako kasuaren gainean hauxe baieztatu zuen, kazetari baten galderei erantzunez: "Elizari berari dagokion prozesua da".

Lehendakariak ziurtatu duenez, Parolinen aurrean Mendizabal auzia planteatuko ote zuen galdetu zioten, eta hitzordu horretan gai horri buruz aritzea ez zela egokia erantzun zuela zehaztu du.

Urkulluk azpimarratu du Eusko Jaurlaritza hainbat esparrutan ari dela lanean adingabeek jasandako sexu-abusuei aurre egiteko. Horien artean, Hezkuntza arloan ezarritako protokoloa aipatu du.

Behin azalpenak entzunda, Ohiana Etxebarrieta EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi du gaur lehendakariak emandako erantzuna dela lehenengo egunetik entzutea gustatu izango litzaiekeena; izan ere, bere aburuz, Erroman ez zituen bere erantzukizunak bete.

Gaineratu duenez, tolerantziarik gabeko jarraibide horri segika bat egingo dute bere alderdiarekin, uste baitu Elizako kide izateak ez duela inor "ukiezin" bihurtzen, eta beharrezkoa deritzo delitu mota horretakoren batean nahasita dauden akusatuak ohiko justiziaren aurrera eramatea.

Bere aldetik, Elkarrekin Podemoseko Eukene Aranaren iritziz, gehiegikeriak egiten dituztenak "ez dira gaixoak", eta, aurreratu duenez, proposamen bat aurkeztuko dute Legebiltzarrean haurtzaro eta nerabezaroari buruzko batzorde bat sortzeko, "kasu gehiago ager baitaitezke2.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Urkullu azken albisteak Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Gizartea EH Bildu Gaurko azken orduko albistea Podemos Ahal Dugu Euskadi Umeak albisteak Eraso sexualak gaur Sexu abusuak Elizan Gotzain Biltzarraren albisteak gaur