Politika -

Epaiketa A9-ko galdeketagatik

Ikastetxeak uzteko presioak izan zirela frogatzen saiatu da Fiskaltza

Alabaina, Badalonako institutu bateko zuzendariak esan du ez zutela presiorik jasan A9an ikastetxea zabaltzeko eta hautesleku moduan erabiltzen uzteko.

Kataluniako Auzitegi Nagusiaren arlo zibileko eta zigor-arloko salan deklaratu dute lekukoek. EFE
Lekukoak, Kataluniako Auzitegi Nagusira bidean. EFE
Kataluniako Auzitegi Nagusiaren arlo zibileko eta zigor-arloko salan deklaratu dute lekukoek. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Katalunian 2014ko azaroaren 9an egindako prozesu parte hartzaileagatik abiatutako epaiketaren bigarren saioan, gaur, 15 lekukok deklaratu dute; Hezkuntza alorrekoak eta galdeketa hura antolatzeko lanekin zerikusia izan zutenak, batez ere.

Hezkuntza-ikuskatzaile bat izan da deklaratzen lehena. Josep Alsina Bartzelonako eta eskualdeko ikuskatzaileak salatu duenez, Generalitateak "presioa" egin zuen institutuetako zuzendariek ikastetxeak A9ko hautesleku izateko utz zitzaten. Presioen aurrean, eta agindua idatziz jaso ezean, giltzak ez emateko aholkatu zien Alsinak bere ardurapean zeuden bi zentroko zuzendariei.

Josefa Bosch Badalonako Pompeu Fabra institutu publikoaren zuzendariaren kasua kontatu du Alsinak. Horren esanetan, hasieran zuzendariak ez zituen institutuko giltzak utzi nahi izan, eta Hezkuntza Kontseilaritzako arduradunen "presioak" jaso zituen.

Zuzendariak, berriz, ukatu egin ditu presioak

Badalonako institutu horren arduradunak, baina, bestelako adierazpenak egin ditu, ez zuela presiorik jasan esan baitu. Horrek azaldu duenez, Bartzelonako eta eskualdeko Hezkuntza Kontseilaritzako lurralde zerbitzuen zuzendariak bilera egin zuen hainbat zuzendarirekin, eta berak zituen zalantzak bertan agertu zituen Boschek.

Zuzendari horren arabera, bilera informatibo hartan ez zuen mehatxurik jaso, "inondik ere ez". Hezkuntza arduradunek A9an lagundu nahi zuten galdetu zietela, eta hala nahi zuten institutuko irakasleei boluntario izateko aukera eman zietela azaldu du. Berak informazioa idatziz bidaltzeko eskatu zuela, eta Kontseilaritzak hala egin zuenean, "lasaiago" geratu zela erantsi du.

Trabarik ez jartzeko eskaera

Josep Alsina hezkuntza-ikuskatzaileak esandakoaren haritik mintzatu da Jesus Rul lankidea ere. Ikuskatzaileen buruarekin 2014ko urriaren 21ean egindako bilera bat aipatu du Rulek. Azaroaren 9ko galdeketari trabarik ez jartzeko eskatu zieten bertan, horren esanetan.

Eskaerak ahoz bakarrik egin zituzten arduradunek, eta horrek "kezka" eragin zion hezkuntza-ikuskatzaile honi. Hori horrela, bere menpeko zuzendariei eskutitzak bidali zizkien idatziko eskaerak bakarrik betetzeko aholkatuz eta Legea bete behar zutela gogoraraziz.

Galdeketari buruzko ataria

Astearte honetako saioan Joan Cañadak ere deklaratu du lekuko gisa. Cañada Kataluniako prozesu parte-hartzaileari buruzko webgunearen arduraduna da. 2014ko azaroaren 4ean Auzitegi Konstituzionalak galdeketa debekatu zuen unetik aurrera ataria berritzeari utzi ziotela esan du.

Joana Ortega Generalitateko presidenteordeari webgunean desagerraraztea "ezinezkoa" zela jakinarazi ziola erantsi du.

"Nik dakidala, azaroaren 4tik aurrera ez zen eduki berririk argitaratu webgunean", azpimarratu du.

Fiskalak, berriz, kontrakoa dio, kontsultatu debekatu ostean ere ataria eguneratuta mantendu zutela, Joana Ortegak "inoiz" ez zuela orrialdea kentzeko agindurik eman eta galdeketaren emaitzak bertan argitaratu zituztela.

Auzitegi Konstituzionalaren debekuaren gainetik, Artur Masek, Joana Ortegak eta Irene Rigauk galdeketaren prestakuntzarekin aurrera jarraitu zutela eta prozesua bolondresen eskutan geratu ez zela frogatu nahi du Fiskaltzak.

Homs eta Trias, asteazkenean

Epaiketaren hirugarren saioan, otsailaren 8an, honako lekukoak deituko ditu defentsak: Francesc Homs Presidentetza kontseilari ohia, Nuria de Gispert eta Joan Rigol Parlamentuko presidente izandakoak eta Xavier Trias Bartzelonako alkate ohia.

Egun horretan, beste hauen agerraldia ere izango da: Carles Viver i Pi-Sunyer Autogobernuari buruzko Ikerketen Institutuko zuzendaria, Miquel Buch i Moya Premia de Mar (Bartzelona) herriko alkate eta Kataluniako Udalerri eta Eskualdeen Elkarteko presidentea eta Enoch Alberti eta Joan Vintro Zuzenbide Konstituzionaleko katedradunak.

Biharamunean, otsailaren 9an, besteak beste, Meritxell Maso Administrazio eta Funtzio Publikoaren idazkaria eta Gemma Calvet ERCko diputatu ohia izango dira lekuko.

Epaiketa otsailaren 10ean bukatuko da, txostenak eta agiri-frogak aurkeztu ondoren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia gaur Politika albisteak Kataluniako erreferenduma gaur Epaiketak Albisteak Artur Mas bideoak