Politika -

PPren XVIII. Biltzar nazional

Batasuna erakutsi nahi du PPk alderdiko biltzar nazionalean

Rajoyk ez du pistarik eman bere lantaldean aldaketak egingo ote duen. Asteburuko hitzorduan, besteak beste, karguak pilatzeaz, abortuaz eta haurdunaldi subrogatuaz eztabaidatuko dute.

Mariano Rajoy eta Dolores de Cospedal, PPren Madrilgo egoitzan. Argazkia: EFE
Mariano Rajoy eta Dolores de Cospedal, PPren Madrilgo egoitzan. Argazkia: EFE
Arratsaldean hasiko da Alderdi Popularraren batzar nagusia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PPk ostiral honetan, 16:00etatik aurrera, abiatuko du bere XVIII. Biltzar Nazionala. Asteburu osoa iraungo duen topaldian, alderdia bat eginda dagoela eta Mariano Rajoyk sendo dirauela erakutsi nahi dute. Popularrek egonkortasuna eskaintzen dutela eta neurrikoak direla erakutsi nahi dute, barne gatazkarik gabe.

Biltzarrean, bost ponentzia jorratuko dituzte (Politika eta Estutuen ingurukoa, Gizarte Ponentzia, Ekonomia eta Lurralde Administrazioari buruzkoa, Hezkuntza, Berrikuntza eta Kultura alorrekoa eta Europa eta munduan izan beharreko tokiari buruzkoa), eta bertan aztertzeko aurkeztu diren 4.000 zuzenketak adosten saiatu da PPren zuzendaritza nazionala azken asteetan, polemikak saihesteko asmoz eta lotu gabe dauden gaiak ahalik eta gutxien izan daitezen.

Zuzenketa horietako batzuen inguruan ezin izan dute adosasunik lortu. Horrenbestez, PPk honako gai hauek eztabaidatu eta bozkatu beharko ditu: karguak pilatzea, primarioak, haurdunaldi subrogatua, abortua eta non kokatu alderdiaren tradizio kristau humanista (estatutuen atarikoan edota artikuluetan bertan, hainbat zuzentzailek eskatzen duten legez).

PPko zuzendaritzan aldaketak egingo ote duen argitu gabe helduko da Rajoy hitzordura. Maria Dolores de Cospedalek alderdiko idazkari nagusi izaten jarraituko duen eta Javier Arenasek zuzendaritzan duen tokiari eutsiko dion, besteak beste, bertan argituko dute .

Larunbat arratsaldean emango ditu jakitera Rajoyk Batzorde Betearazlea osatuko duten 35 kideen izenak, baita Zuzendaritza Batzordea osatuko duten kideenak ere.

Karguak pilatzea: Cospedal jomugan

Bileraren aurreko asteetan, PPko hainbat ahotsek karguak pilatzearen inguruan aurrera egitea eta bateraezintasunak argitzea eskatu dute, eta ugariak izan dira horren inguruan aurkeztu diren zuzenketak.

Eztabaida horrek jomugan jarri du Maria Dolores de Cospedal, zuzenketa batek espresuki aipatzen baitu. Zuzenketa horren arabera, "militante bat, kargu bat" araua aplikatu beharko litzateke. Cospedal Defentsa ministroa, Gaztela-Mantxako presidentea eta PPko idazkari nagusia da.

Haurdunaldi subrogatua eta abortua

Gizarte gaien arloko ponentzian, haurdunaldi subrogatua eta abortua izango dira eztabaidagai nagusiak. Javier Maroto PPko Sektore Ekintzako idazkariordea eta bere lantaldea oraindik negoziatzen badaude ere, segurutzat jotzen da biltzarrera bizirik helduko diren zuzenketak egongo direla; hortaz, bozkatu egin beharko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PP Rajoy berriak Espainia albisteak Alderdi politikoak berriak Gaurko azken ordukoa