Politika -

Nafarroako parlamentua

Zigor Kodean terrorismotzat zer jotzen den aldatzea eskatu dute

Altsasuko hainbat gazteri, bi guardia zibil jotzea leporatuta, terrorismoaren delitua egotzi izanaren kariaz egin da eskaria.

Nafarroako Legebiltzarraren ostegun honetako bilera. Argazkia: EiTB
Nafarroako Legebiltzarraren ostegun honetako bilera. Argazkia: EiTB
Nafarroako Legebiltzarraren ostegun honetako bilera. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Parlamentuak mozio bat onartu du gaur, zeinaren bidez Gorte Nagusiei eskatu die bai Zigor Kodearen 573. artikulua, bai martxoaren 30eko 2/2015 Lege Organikoaren bidez ezarritako terrorismoaren kalifikazioa premiaz alda ditzala; izan ere, parlamentuak uste du "bere mugak lausoak" direla.

Ekimenak Foru Gobernua osatzen duten lau alderdien (Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-E) babesa jaso du, eta, aldiz, kontrako botoa eman dute UPN, PSN eta PPN alderdiek.

Mozioa defendatzeaz Unai Hualde (Geroa Bai) arduratu da. Beraren esanetan, egokia da eztabaida une honetan zabaltzea, PPk ez baitu gehiengo absoluturik, eta "matematikoki posible da askatasunetan atzerapausoak eman diren legegintzaldi beltz batean izandako gehiegikeriak leheneratzea".

Azaldu duenez, legeak "terrorismoari buruz" hitz egiten du, baina "bere mugak lausoak" dira, eta, ondorioz, terrorismoa egon daiteke horren atzetik aktibo dagoen erakunderik egon gabe, baldin eta epaileak uste badu biztanleriaren zati bat beldurtzera edota bake publikoa larriki asaldatzera bideratutako jarrera bat dagoela.

Hualdek legedian egindako aldaketa horiek zalantzan jartzen dituzten hainbat aditu daudela nabarmendu du, eta, bere aburuz, debate hori Nafarroatik sustatzeko pisuzko arrazoiak daude. Besteak beste, "Nafarroan artikulu horren bidegabekeriak zuzenean pairatzen ditugu, eta horren adibidea Altsasun dago, Parlamentu honetatik berrogeita hamar kilometrora", gaineratu du.

Hain zuzen ere, legedi horrek ahalbidetu du Altsasuko hainbat gazteri terrorismo delitua egotzi izana, joan zen urrian guardia zibil bi ustez erasotzea leporatuta. Hualderen hitzetan, Nafarroako Parlamentuak egintza hori arbuiatu du, "baina ez da terrorismoa", erantsi du jarraian.

Proposamen horren aurrean, Iñaki Iriarte UPNko legebiltzarkideak iritzi dio EH Bildu asmoa dela guardia zibilei eta beren bikotekideei eraso egin zietenak zigor gabe gera daitezela.

Bere aldetik, Inmaculada Jurio sozialistak prozesu judizialen tartean ez sartzeko eskatu du, eta adierazi du bere alderdiak legediaren erreforma hori babestu zuela "PSOEk Estatu sena duelako".

Azkenik, PPNko Ana Beltranen esanetan, Altsasuko "eraso bortitza" gertatzearen zioa guardia zibilak zirela izan zen, eta, bere aburuz, erasoaren helburua "gorrotoa eta beldurra zabaltzea" izan zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Nafarroa Delituak albisteak Eguneko albisteak Nafarroako Parlamentua