Politika -

Zuzendaritza berria

Monterok Errejon ordezkatuko du Kongresuko bozeramaile lanean

Errejon, aldiz, Podemosen hautagaia izango da Madrilen 2019ko hauteskunde autonomikoetan.

Irene Montero, Podemos. EFE
Irene Montero, Podemos. EFE
Iñigo Errejon 2019an Madril Erkidegoko presidentegai izango da

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Podemoseko zuzendaritza berriak Pablo Iglesias idazkari nagusiaren proposamena onartu du gaur egindako bileran. Horren arabera, Irene Montero izango da Podemosen bozeramailea Diputatuen Kongresua, Iñigo Errejonen ordez. Hortaz, orain arte Iglesiasen kabineteko buru izandakoa alderdiko bigarrena izango da, idazkari nagusiaren ondoren. Iñigo Errejonek, aldiz, beste kargu bat izango du zuzendaritzan: Analisi Estrategikoa eta Gobernantza arloetako burua. Idazkaritza politikorik ez da egongo aurrerantzean.

Iglesiasen proposamenak aldeko 76 boto eta bi abstentzio izan ditu. 12 gizon eta 12 emakumek osatuko dute taldea (Iglesias barne), eta gehienak bere aldekoak dira. Juan Carlos Monedero eta Carolina Bescansa, alderdiaren sortzaileak biak, zuzendaritzan izango dira berriro ere.

Horrez gain, Nacho Alvarez ekonomia idazkari ohia bueltan da. Exekutiban gonbidatu iraunkorra izango da Ekonomia arkloa kudeatzen jarraitzeko. Horrez gain, izendapen esanguratsuenen artean, hauteskunde orokorretan eta Vistalegreko bigarran biltzarrean Iglesiasen zerrendan parte hartu zuten hainbat pertsona daude: Vicenç Navarro ekonomialaria, Julio Rodriguez Defentsaren Aginte Gorenaren buru ohia, eta Manolo Monereo IU alderdiko kide historikoa.

Gidaritza-taldea honako beste kide hauek osatuko dute: Orencio Osuna, Rafael Mayoral, Irene Montero, Pablo Echenique, Pilar Garrido, Gloria Elizo, Sofía Castañón, Ione Belarra, Idoia Villanueva, Meri Pita eta Noelina Vera. Iñigo Errejon ere zuzendaritzan arituko da lanean, baita Pablo Bustinduy eta Rita Maestre ere. Antikapitalistei dagokienez, Miguel Urban, Beatriz Gimeno eta Lorena Ruiz Huerta daude.

Iglesiasek azaldu duenaren arabera, talde horrek "gobernu zaharberritzailearen politika publikoak ebaluatu beharko ditu, bide alternatiboak miatu eta etorkizuneko politika publikoak diseinatzeko adituen parte hartzea kudeatzeaz gain".

2019ko hauteskunde autonomikoetan apustua indartzea defendatu du Errejonek

Iñigo Errejonek ez du baieztatu Pablo Iglesiasekin Madrileko presidente izateko hautagaitza adostu duenik. Gainera, gogoratu duenez, erabaki hori alderdiaren barne-hauteskundeetan hartu beharra dago. Hala ere, 2019ko hauteskundeetan apustua indartu behar dela ere berretsi du.

"Apustua areagotuko dugu, helburu estrategikoa 2019 da" eta "ahalegin guztiak" egingo ditugu, azpimarratu du Errejonek, Podemosen botereak eta indarrak udaletxeetan eta autonomia erkidegoetan lortutako garaipenetatik etorri behar dutela azaldu eta gero.

Pablo Iglesiasi aukera horren inguruan galdetu diotenean, Podemoseko buruak esan du ziur dagoela Iñigo Errejon Madrileko presidentea izan daitekeela, hautagaia aukeratzeko barne-hauteskundeetan parte hartzea erabakiko balu: "Asko gustatuko litzaidake urratsa ematea", azaldu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Gaurko azken orduko albistea Podemos albisteak