Politika -

Nafarroa

Poliziaren zein eskuin-muturreko indarkeriaren biktimak omendu dituzte

Berrehundik gora gonbidatu izan dituen omenaldian Nafarroako Parlamentuko alderdi guztiek parte hartu dute, UPN eta PPk salbu.

Poliziaren zein eskuin-muturreko indarkeriaren biktimen aldeko omenaldia. Argazkia: EiTB
Poliziaren zein eskuin-muturreko indarkeriaren biktimen aldeko omenaldia. Argazkia: EiTB
Indarkeria politikoaren biktimak omendu dituzte Iruñean

3:29

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako erakundeek 1950. urteko urtarriletik aurrera polizia gehiegikeriaren eta eskuin-muturreko taldeen biktimak izan zirenei "aitortza eta ordaina" emateko ekitaldia egin dute gaur. "Barkamena" eskatu diete urteetan jasan duten "arreta falta eta utzikeriagatik".

Omenaldia 2015ean adostutako foru lege bati jarraiki egin da, eta bertan Foru Gobernuko, Nafarroako Parlamentuko eta Udalerrien eta Kontzejuen Federazioko agintariek hartu dute parte, beste berrehundik gora gonbidaturekin batera. Nafarroako Parlamentuko alderdi guztiak bertaratu dira, UPN eta PPk izan ezik. Hutsune hori "ezjakintasunari" egotzi dio Uxue Barkos Nafarroako presidenteak.

Aipatu lege hori Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzkoa da, eta bere xedea da kolektibo bi horiek egindako indarkeria politikoko ekintzetan kaltetutakoei aitortza eta ordaina ematea.

Legeak jasotzen duenez, "1950eko urtarrilaren 1etik aurrerako motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan" gertatu ziren "pertsonen bizitzari edo osotasunari eragindako kalte larriei erreparazioa" eman nahi die, "kalte larri horiek izan heriotza nahiz lesio larri edo iraunkorrak".

Biktima guztiek "egia, justizia eta ordaina" jasotzeko duten eskubidea defendatu du Uxue Barkosek bere mintzaldian, eta deitoratu egin du biktimen kolektibo horienganako erakundeek izan duten "ahaztura".

Biktimen ordezkari gisa honako biktima hauen senitartekoek hartu dute hitza: German Rodriguez, 1978ko San Fermin jaietan poliziaren tiroen ondorioz hil zena; Mikel Zabalza, zeinaren hilotza 1985eko abenduan Bidasoa ibaian agertu zen Guardia Zibilak atxilotu eta gero; eta Jose Miguel Etxeberria, "Naparra", 1980tik desagertuta dagoena, eta hura bahitu eta hil izana Batallon Vasco Español erakundeak bere gain hartu zuena.

Orain dela gutxira arte "pentsaezina" eta "utopia" bat zen ekimenarengatik beren esker ona adierazi ostean, "urte luzez estalita egon den errealitatea" argitara eramateko asmoz "balentriaz" joka dezatela eskatu diete erakundeei, baita mahai gainean jar ditzatela existitu ziren egintza batzuen biktima, ekintza, aktore arrazoi eta helburu guztien izenak ere.

Horrez gain, familiartekoek "pertsona ororen giza eskubideak errespetatzearen eta defendatzearen aldeko apustua egin dute", eta, aldi berean, "egia ezagutzea eta erantzukizunak argitzea" eskatu dute, "zauriak ixteko eta etorkizunari begiratu ahal izateko".

Omenaldian, Ainhoa Aznarez Nafarroako parlamentuko presidenteak 36ko biktimak, frankismoarenak, ETArenak, poliziaren indarkeria politikoarenak edota eskuin-muturrekoarenak izan ditu gogoan, eta, azpimarratu duenez, gizarteak argi utzi du arbuiatu egiten duela helburu politikoak lortzeko biolentzia erabiltzea.

Bere aldetik, Pablo Azcona Udalerrien eta Kontzejuen Federazioko presidenteak mina jasateaz gain, "erakundeen ahaztura, eta, kasu batzuetan, erruduntasunaren estigma" pairatu duten biktimei aitortza ematea eskatu du. Memoriaren ikuspegi "integralaren" alde agertu da, "indarkeria guztiak gaitzetsi, krimen guztiak salatu eta biktima guztiak aitortzen dituena".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Uxue Barkos bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Nafarroako Gobernua Terrorismoaren Biktimak Polizia indarkeriaren kasuak Ultraeskuineko alderdi politikoak