Politika -

bake-prozesua

ETA 'lehenbailehen' armagabetzea da Jaurlaritzak 'espero duen bakarra'

Horrela erantzun dio David Plari (elkarrizketarako ETAren ordezkaria), Garari emandako elkarrizketa batean armagabetze-prozesuan Jaurlaritzak izandako jarrera kritikatu ostean.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak igande honetan adierazi duenez, ETAk ekintza armatuak bertan behera uztea adierazi zuenetik bost urte igaro ostean, banda armatuarengandik "espero duen bakarra lehenbailehen" armagabetzea da.

Modu horretan, Iñigo Urkulluk zuzentzen duen Gobernuak ohar baten bidez erantzun dio David Pla presoari, ETAk gatazka konpontzeko elkarrizketarako izendatutako ordezkariari. Izan ere, Plak, Gara egunkariari igande honetan emandako elkarrizketa batean, kritikatu egin du armagabetze-prozesuan Eusko Jaurlaritzak izan duen jarrera.

Plaren arabera, erakundeak "ahalik eta epe laburrenean armagabetzeko" erabaki "irmoa" dauka; alabaina, armagabetzeari buruz 2015ean egin zuen proposamena "hilda jaio" zela aurpegiratu dio Eusko Jaurlaritzari. Bere aburuz, "Estatuek behartutako blokeo egoeratik abantaila politikoa ateratzeko PNVk asmatutako tresna" izan zen hura.

Aitzitik, ETAren ordezkariak "abiapuntu berri bat" jartzen saiatzea proposatu dio Eusko Jaurlaritzari.

Jaurlaritzak, ordea, erantzun du ez zaiola serioa iruditzen "ETAk, topaketa baterako deia egiteko hedabideak erabiltzea".

"ETAk, Espainiako Gobernuaren nazioarteko ordezkariekin iraganean topaketak izan ostean, Eusko Jaurlaritzarekin hitzordu bat eduki nahi izan balu, hedabideen bidez publiko plazaratzea, zalantzarik gabe, egin beharreko azken gauza litzateke", adierazi du.

Hartara, Eusko Jaurlaritzak "armagabetze-prozesuari era frogagarrian amaiera ematea" eskatu dio ETAri.

"Eusko Jaurlaritzak 2014ko abenduan mahaigaineratutako armagabetze-proposamena, Gobernuarentzat gutxienekoa da eta izan da. Armagabetzeari behin betiko eta arrazoizko eran heltzea da garrantzitsuena", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Eusko Jaurlaritza albisteak Presoak bideoak ETA albisteak Gaurko azken ordukoa