Politika -

ETA-ri erantzuna

Jonan Fernandez: 'Ez da serioa bilera komunikabideen bidez deitzea'

Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak nabarmendu duenez, Nazioarteko Batzordea da hori egiteko "bidea".

Fernandez, Urkullu eta Ezenarro Gogora Institutuaren legealdiko lehen bileran. EiTB
Fernandez, Urkullu eta Ezenarro. EiTB
Lehenbailehen urratsak emateko eskatu dio Jaurlaritzak ETAri

1:46

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Soka luzea ari da izaten David Pla ETAren elkarrizketarako ordezkariak asteburuan Eusko Jaurlaritzari buruz esandakoa. Urkulluren Gobernuak ohar baten bidez erantzun zien atzo ETAko presoaren adierazpenei, eta gaur Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak ihardetsi die ETBri eskainitako elkarrizketa batean.

Fernandezen iritzian, "ez da serioa bilera bat komunikabideen bidez deitzea". Izan ere, Plak Gara egunkariari eskainitako elkarrizketan "abiapuntu berri bat" jartzen saiatzeko "gonbita" egin dio Jaurlaritzari. Proposamena komunikabideen bitartez egin izana kritikatu du Fernandezek. Horren ustez, "nazioarteko batzorde bat badago gai honen inguruan hitz egiteko, eta mezuren bat bidali nahi bada, hori da bidea".

Bake eta Bizikidetzarako idazkariak argitu duenez, 2013ko urritik ez dute erakunde armatuaren mezurik jaso. "Denbora asko pasatu da", erantsi du.

Fernandezen esanetan, ETAk armagabetzea "lehenbailehen bukatzea" da "garrantzitsuena", eta Plari erantzuna emateko orduan hori da Jaurlaritzak zabaldu nahi izan duen mezua. Bide horretan, Jaurlaritzak 2014an egindako proposamena mahai gainean dagoela berretsi du Fernandezek, baina ETAk laguntza baino gehiago oztopo dela irizten badio, erretiratzeko prest daudela azpimarratu du: "ETArentzat Jaurlaritzaren laguntza oztopo bada, bidetik kenduko gara. Dena dela, oso oker daude. Gai honekin ez da mugitzen boto bat ere".

De Andres: 'Garrantzi gehiegi ematen diogu ETAri'

Javier de Andres Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria ere mintzatu da ETAren bozeramaileak egindako adierazpenez. Horren aburuz, "garrantzi gehiegi" ematen zaio ETAri, "hilzorian dagoen talde terrorista bat" baita.

De Andres Forum Europaren gosari informatiboan egon da goizean, eta Plaren elkarrizketaz galdetuta, garrantzia kendu dio. "Eurek ematen diote garrantzia euren buruari, niri ez zait batere interesgarria iruditzen", nabarmendu du.

Espainiako ordezkariaren iritzian, ETA "ez dago ezer eskatzeko moduan", eta presoek hobe lukete "erakundearen aginduetatik askatzea eta espetxe onurak eskatzea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Eusko Jaurlaritza Presoak bideoak Euskadi Ta Askatasuna albisteak Albisteak