Politika -

EGUTEGIA

Sailburuek 2017ko aurrekontuak azalduko dituzte Legebiltzarrean

Osoko zuzenketen eztabaidaz gain, apirilean, zuzenketa partzialen batzordearen eztabaida eta aurrekontuen lege-proiektua onartzeko bilkura egingo dituzte.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako sailburuek Gazteizko Gobernuak 2017rako egin duen aurrekontuen proiektua azaltzeko eta legebiltzar-taldeek dituzten zalantzak argitzeko agerraldiak egingo dituzte, datorren astean, Eusko Legebiltzarean.

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburua izango da proposamena azaltzen lehena, astelehenean.

Asteartean, berriz, Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren eta Lehendakaritzako ordezkarien txanda izango da, eta, asteazkenean, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburuak azalduko ditu legebiltzarkideen aurrean bere sailari dagozkionak. Egun horretan bertan, Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako saileko buruak, Cristina Uriarte Hezkuntzako sailburuak eta Jon Darpon Osasunekoak aletuko dituzte euren proposamenak.

Osteguneko saioa Jose Alfredo Retortillo Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak hasiko du, eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako arduradunak eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun saileko buruak hartuko dute hitza. Kontuak azaltzen azkena Maria Jesus San Jose Lan eta Justiziako sailburua izango da.

Sailburuen agerraldiak amaitu ondoren, taldeek zuzenketak aurkezteko epea irekiko da, martxoaren 24ra arte. Eztabaida bilkura eta osoko zuzenketen bozketa egotekotan, martxoaren 30ean egingo da, Legebiltzarreko Mahaiak onetsitako egutegiaren arabera.

Osoko zuzenketen eztabaidaz gain, apirilaren 3an eta 4an zuzenketa partzialen eztabaida egingo da, eta apirilaren 11n aurrekontuen lege-proiektua onartzeko bilkura egingo dute legebiltzarkideek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak Ekonomia