Politika -

Segurtasun Saileko Aurrekontua

Jaurlaritzak beste lan eskaintza bat abiatuko du aurten Ertzaintzan

Horrez gain, eutsi egingo dio Espainiako Gobernuak helegitea jarrita dion 26. promozioari, espero baitu bertako izangaiak 'laster' hasiko direla lanean.

Estefania Beltran de Heredia. Argazkia: EFE
Estefania Beltran de Heredia. Argazkia: EFE
Estefania Beltran de Heredia. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak gaur jakinarazi duenez, beste Lan Eskaintza Publiko bat jarriko du martxan aurten, eta, aldi berean, espero du Espainiako Gobernuak errekurrituta duen 26. promozioko 250 izangaiek "laster" ekingo diotela lan egiteari.

Hala eman du jakitera Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak Legebiltzarrean, 2017 urteari begira bere sailari dagokion 625,8 milioi euroko aurrekontuaren nondik norakoak azaldu dituenean. Aurtengoa % 1,2 murriztu da joan zen urtekoarekin alderatuta; izan ere, ez da hauteskunderik egongo.

Aurrekontu horretatik 6,3 milioi Ertzaintzaren 26. promozioko 250 izangaiak hautatzeko eta prestatzeko prozesura zuzenduko dira, "laster batean lanean egon daitezen", eta baita urtea amaitu aurretik beste deialdi bat abian jartzera ere. Hori guztia Ertzaintzaren "belaunaldi berrikuntza" eman dadin.

Espainiako Gobernuak errekurritu egin zuen aipatu 26. promozioa, uste baitu ez duela betetzen funtzionarioei ezarritako erreposizio tasa. Helegite horri Rajoyren Gobernuak aurreko promozioari jarri ziona ere gaineratu behar zaio, zeina Auzitegi Gorenak ebatzi behar duen; dena dela, agente berrien prestakuntzak aurrera darrai.

Bere agerraldian zehar, Herediak bere sailaren kontu-sail nagusienak xehatu ditu. Horrela, 5,3 milioi euro bideratuko ditu parke mugikorra berritzera. Berrikuntza horretarako renting modalitatea erabiliko da (hemendik aurrera ez dute ibilgailurik erosiko) 300 patruila-autoren kasuan, lur orotarako 100 ibilgailuren kasuan eta polizia-erabilerako 70 furgonetaren kasuan. Aipatutakoez gain, kontu-sail beraren barruan sartzen da bereizgarririk gabeko 600 ibilgailuren errentamendua ere, joan den urteko ekainean Ertzaintzaren flota osatu zutenak.

Rentingaren formula erabiliko da, halaber, Zaintza eta Erreskate Unitateko helikopteroetako bat ordezkatzeko, eta, horretarako, 500.000 euro esleituko dira.

Uniforme eta babeserako elementuei dagokienez, 6,6 milioi bideratuko dituzte xede horretara, eta, batik bat, hainbat unitatetan banatuta dauden 7.740 ertzainei arropa zuzkitzera eta aldatzera zuzenduko da. Herediak zehaztu duenez, lehen aldiz izango dira emakumeen ezaugarri ergonomikoetara egokituta dauden balen aurkako txalekoak.

Inbertsioen alorrean, aurrekontu-proiektuak bi milioi euro baino gehiago zuzenduko ditu zenbait instalazio birmoldatzera, hala nola Ondarroako ertzain-etxea edo Arkauteko osasun-zentroa, baita Durango, Getxo eta Basauriko ertzain-etxeak birmoldatze-proiektuak lantzera ere.

Euskararen sustapenak 1,3 milioi euro jasoko ditu. Sailburuak nabarmendu duenaren arabera, egun Ertzaintzako agenteen % 40k ziurtatutako hizkuntza-profil bat dauka: 2.785 ertzainek PL1 dute eta 369 ertzainek PL2. Horrez gain, “promozio berrietako % 95 elebidunak dira, eta zenbaitetan hirueledunak ere”, azpimarratu du.

Bestalde, sailburuak aurreratu duenaren arabera, ikerlan bat egingo dute Ertzaintzaren absentismoaren gainean, eta Polizia Legearen eraldaketak emakumeak Ertzaintzan sartzea (orain agenteen % 12 dira) erraztuko duten neurriak jasoko ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Ertzaintza Eusko Jaurlaritza albisteak Gaurko azken orduko albistea