Politika -

Polemika

Elvira Garcia senatariak Podemos utzi du, baina aktari eutsi dio

Oharra bidali die Podemoseko buruzagiei. Lander Martinez Podemos Euskadiko Antolaketa idazkariaren hitzetan, alderdiari ere dirua zor dio Garciak.

Elvira Garcia. EiTB
Elvira Garcia. EiTB
Elvira Garcia. EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elvira Garcia Podemosen senatari arabarrak alderdia utzi du, baina Ganberan duen aktari eutsiko dio, eta, horrenbestez, Talde Mistoan arituko da aurrerantzean. Alderdi morearen senatari zela, Gasteizen zuen babes ofizialeko etxebizitza uzteko agindua jaso zuen Garciak, alokairua ez ordaintzeagatik (3.000 euro zor ei zituen). Azkenean, 5.000 euroko isuna ordainduta saihestu du kaleratzea.

Garciak ohar bidez jakinarazi die erabakia Podemoseko buruzagiei. Bertan dioenez, alderdi barruan dituen kargu guztiak utziko ditu, baina senatari izaten jarraituko du, Talde Mistoan.

Lander Martinez Podemos Euskadiko Antolaketa idazkariaren hitzetan, senatariak kitatu egin du Eusko Jaurlaritzako Alokabide zerbitzuarekin zuen zorra, baina Podemosi berari dirua zor dio oraindik. Izan ere, horren arabera, kargudun publikoek alderdiari egin beharreko ekarpen ekonomikoaren zati bat ordaintzeke du Garciak (ez du zenbatekoa zehaztu).

Podemosi dirua zor dio Garciak

Podemosen barne kodearen arabera, senatariek gutxieneko soldataren halako hiru jaso dezakete hilean gehienez. Gainerako dirua alderdiaren esku utzi behar dute: horren erdia Podemosen funtzionamendu gastuetara bideratzen dute, eta beste erdia, helburu soziala duten erakundeetara.

Ekarpen horien zati bat ordaintzeke dauka Garciak, Martinezen esanetan. Podemosek duela bi hilabete eskatu zion dirua, eta alderdiko senatari izan den artean, ordaintzeko prest agertu omen da.

"Ikusiko dugu emandako hitza betetzen ote duen", esan du Martinezek. Podemoseko buruzagiak Onda Vasca irrati kateari eskainitako elkarrizketa batean azaldu duenez, Garciak "argudio hutsalak" eman zizkien alokairu soziala ez ordaintzeagatik kontu eske joan zitzaizkionean, eta hainbatetan aldatu ei zuen bere bertsioa.

Martinezen aburuz, Podemos ez ezik Senatua ere utzi beharko luke Garciak. Dena dela, alderdia utzita, auzia "itxitzat" eman dutela azpimarratu du. Gaiari "lehenago" heldu behar ziotela gaineratu du Martinezek, eta Podemosen halakorik berriro ez gertatzeko kontrol neurriak zorroztea aztertzen ari direla jakinarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Euskadiko Podemos-eko albisteak