Politika -

Gipuzkoa

Itsaso desanexionatzeko prozedura baliogabetu du Espainiako Gobernuak

Presidentetza eta Tokiko Administrazioen Ministerioak baztertu egin du Tokiko Entitateen Erregistroan izena emateko egindako eskaera, gutxienez 5.000 biztanle behar dituztela argudiatuta.

Itsaso, Gipuzkoa
Itsaso, Gipuzkoa
Ezkio eta Itsaso ezingo dira banatu, Espainiako Gobernuak erabakita

1:15

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Itsaso (Gipuzkoa) herri bihurtzeko prozedura bertan behera utzi du Espainiako Gobernuak, herri berriek gutxienez 5.000 biztanle behar dituztela argudiatuta. Hori dio tokiko erregimeneko oinarrien legearen 13. artikuluak, 2013an egindako aldaketaren ondoren. Berria egunkariak argitaratutako informazioaren arabera, Presidentetza eta Tokiko Administrazioen Ministerioak baztertu egin du Tokiko Entitateen Erregistroan izena emateko egindako eskaera.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren esanetan, ordea, erakunde gipuzkoarrari dagokio herriei buruzko eskumena. Hala, Gipuzkoako Batzar Nagusiek 2003an onartutako foru-arauaren arabera, udalerri berri batek 2.500 biztanle izan beharko lituzte.

Itsaso herriak baldintza hori ere ez luke beteko, 165 biztanle zituelako 2016an desanexionatzeko erabakia hartu zutenean. Dena den, Foru Aldundiak nabarmendu duenez, salbuespen bat onartzen du arauak: frankismo garaian herritarren nahia kontuan hartu gabe elkartu zituzten herriak, Ezkio-Itsaso, kasu.

Salbuespen hori dela eta ahalbidetu zen aurretik beste bost udalerri sortzea: Leaburu, Altzaga, Ikaztegieta, Orendain eta Baliarrain.

Ezkio-Itsasoko alkateak Euskadi Irratian jakinarazi du Foru Aldundiarekin harremanetan daudela gaia nola bideratu dezaketen aztertzeko. Bi hilabeteko epea dute orain, eta egoera ez balitz konponduko, helegitea jartzeko aukera aztertuko dutela azaldu du.

2011n abiatutako prozesua

2016ko irailaren 18an, herri-galdeketa bat egin zen Gipuzkoako Aldundiaren babesarekin. Galdeketa horretan, bizilagunek banantzearen aldeko hautua egin zuten, eta, horren aurrean, abenduaren 22an, Foru Gobernuko Kontseiluak desanexio dekretua onartu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Gaurko albisteak Gipuzkoa Gaurko azken ordukoa