Politika -

Omenaldia

EAJk bere alderdiko emakumeak omendu ditu egindako lanagatik

Andoni Ortuzarrek 'alderdiaren ideologiaren eta sentimenduen igorle gisa' emakumeek egindako lana goretsi du.

Abertzaletasunaren alde lan egin duten emakumeak omendu ditu EAJk

1:00

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk historian zehar alderdi jeltzalearen alde lan egin duten emakume nazionalistak omendu ditu gaur Bilbon, eta alderdiko "balioak, ideologia eta sentimendua" igortzeko garaian haiek izandako parte-hartzea balioetsi du.

Martxoaren 8aren bezperan (Emakumearen Nazioarteko Eguna) eta 'Izan zinetelako gara' lelopean egin du EAJk ekitaldia Sabin Etxean.

500 bat emakumek parte hartu dute hitzorduan, eta bertan izan dira, besteak beste, Eusko Legebiltzarreko eta Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak, Bakartxo Tejeria eta Ana Otadui, hurrenez hurren.

Andoni Ortuzar EBBko presidentearen hitzetan, "izugarria" izan da emakume nazionalistek historian zehar "alderdiaren eta gizartearen alde" egindako lana.

Ildo beretik, nabarmendu egin du "alderdiaren ideologiaren eta sentimenduen igorle gisa" emakumeen papera. "Guri EAJ zer zen irakasten zigutenean, abertzalea izatea eta herri hau maitatzea baino zerbait gehiago zela irakatsi zeniguten, pertsona on bat izatea, eta hori zuongandik jaso dugu", esan die ekitaldian bildutako emakumeei.

Horrez gain, Ortuzarrek azpimarratu duenez, "Estatu osoan egon zen frankismoaren aurkako lehendabiziko informazio-sarea EAJko emakumeek egin zuten". "Beren senarren eta senideen bisitan espetxera joaten zirenean, informazioa eraman eta ateratzen zuten, gerora munduan zehar zabaltzen zena, Frankismoak egindako ankerkerien berri emateko asmoz".

Itxaso Atutxa

Bere aldetik, Itxaso Atutxa Bizkaiko Buru Batzarreko presidentearen aburuz, emakumeek "berebiziko garrantzia izan dute EAJ alderdiaren barruan, bai balioak igorri, bai idealei eusteko garaian", baina beste ororen gainetik EAJ alderdiaren proiektu nazionalari "gizatasuna aitortu" diotela nabarmendu du.

Bere ibilbide pertsonala gogora ekarri ostean, Atutxak adierazi du emakumea "dagokion lekua" betetzen joan dela alderdiaren barruan, eta, nabarmendu duenez, horrela egiten jarraituko du, "gero eta presentzia gehiagorekin". "Anitza eta berdintasunezkoa den erakunde baten kide garen heinean, gure gain hartuko dugu dagokigun papera".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Euzko Alderdi Jeltzalea Alderdi politikoak Gaurko azken ordukoa