Politika -

Gipuzkoako Aldundia

Lasa: 'Itsasori buruzko erabakia autogobernuaren aurkako erasoa da'

Gipuzkoako Aldundiko bozeramaileak adierazi duenez, 'egokiak diren egintza juridikoak' aztertuko dituzte, 'Itsasoren desanexioa defendatzeko'.

Imanol Lasak agerraldia egin du gaur hedabideen aurrean. Argazkia: EiTB
Imanol Lasak agerraldia egin du gaur hedabideen aurrean. Argazkia: EiTB
Autogobernuari eraso zaiola salatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak

1:37

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Imanol Lasa Gipuzkoako Aldundiko bozeramaileak gaitzetsi egin du bai Itsasoren desanexioa, bai hura udalerri gisa eratzeko prozesua baliogabetze aldera Espainia Gobernuak hartutako erabakia. Gainera, adierazi duenez, Aldundiak, Itsasoko ordezkariekin batera, "inposaketa horri aurre egiteko dagozkion egintza juridikoak" aztertuko ditu.

Lasaren aburuz, gertatutakoa Gipuzkoako lurraldeko erakundeak "askatasunez, legalki eta demokratikoki" hartzen dituzten erabakien kontrako "eraso zuzena" da, baita "jendartearen nahien aurkakoa" ere".

Espainiako Gobernuak Itsasoren desanexioa baliogabetzearen harira Donostian egin dituen adierazpenetan, bozeramaileak onartu du Aldundiak joan zen ostiralean jaso zuen Espainiako Gobernuak 27/2016 Foru Dekretuaren aurka abiatutako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa. Hain zuzen ere, Dekretu horren bidez onartu zuen Itsaso Ezkio udalerritik bereiztea eta udalerri independente gisa eratzea.

Era berean, Ezkiok eta Itsasok otsailaren 28ko data zuen ebazpen bat jaso zuten, Autonomia Erkidego eta Toki Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiak igorritakoa. Bertan jasotzen denaren arabera, ezezkoa eman zaio Itsaso toki erakundeen erregistroan udalerri gisa izena emateari.

Foru Bozeramailearen esanetan, aipatu bi erabakiak "ezin justifikatuzkoak dira, legalki zein politikoki". Gogora ekarri du Aldundiari dagokiola eta "ez beste inori" udal-mugapeak arautzeko eskumena, Autonomia Estatutuak jasotzen duenari jarraikiz.

"Eskumen hori 2/2003 Foru Arauan dago garatuta, eta horrek 2.500 biztanle eduki behar izanaz salbuesten ditu frankismoaren diktaduraren garaian anexionatzera behartu zituzten udalerriak, 1964an Ezkio eta Itsasorekin gertatu zen legez", azaldu du Lasak. Gaineratu duenez, "deigarria da PPren Gobernuaren esku hartzeko grina noraino heltzen den; izan ere, ez du uzten garai hartan hartutako erabaki antidemokratiko hura zuzen dadila".

Gainera, mota horretako erabakiek euskal eskumenen esparrua "larriki" erasotzen dutela salatu du, "edota gauza bera dena, gure eskubide historikoak eta gure autogobernua, beraiek defendatzen duten legean bertan jasotzen denez".

Bestalde, PPren Gobernuaren "estrategia zentralizatzailea" ere arbuiatu du, "etengabeak diren ebazpen, errekurtso eta debekuetan islatzen direnak, eta euskal erakundeak eta araudiak murriztu eta gutxietsi besterik ez dutenak egiten, edota beste era batera esanda, ordezkatzen ditugun herritarren kudeatzeko, arautzeko eta erabakitzeko ahalmenak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Gaurko albisteak Gipuzkoa Espainiako Gobernua argazkiak Gaurko azken orduko albistea