Politika -

Oharra

ATAk esan du ez duela loturarik Lander Martinezi egindako erasoarekin

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduaren arabera, "ez daukagu gure mugimenduko ezein kidek Martinezi eraso egin izanaren konstataziorik".

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak (ATA izenez ere ezaguna) adierazi duenez, "ez daukagu gure mugimenduko ezein kidek Lander Martinezi eraso egin izanaren konstataziorik, ezta hala izan denik pentsatzeko zantzurik ere". Hala ere, ez du zalantzan jartzen Podemos Euskadiko Antolakuntza idazkariak eraso fisiko bat jasan izana.

Aipaturiko mugimenduak ohar bidez erantzun dio Lander Martinezek egindako salaketari. Izan ere, Podemoseko kidearen esanetan, "ATAren inguruko batek" eraso zion larunbat gauean Bilboko taberna batean, bere "ideia politikoengatik".

Podemoseko kideak erasoa ATAren "inguruko" pertsona bati leporatu ostean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak azpimarratu du ez dakiela "zeintzuk izan daitezkeen taberna batean eta larunbat gauean, norbait gure mugimenduko ingurukoa dela ziurtasunez baieztatu ditzaketen iturri fidagarri horiek, ezta ustezko iturri horiek momentu horretan astelehen eguerdian bezain fidagarriak izan daitezkeen".

Ildo berean, "inguru" hitzari eman zaion erabilerarekin kritiko agertu da, are gehiago, "Euskal Herriko historia politiko hurbilenean eman zaion esanahia kontuan izanda".

Halaber, bere "ingurua" zer den galdetu du: "Batzarretara datorren pertsona bat, gure manifestazioetara etortzen dena, noiz edo noiz gure mobilizazioren batean geratu dena, gure pentsaeratik hurbil sentitzen dena ala bere bildumarako gure pinak erosten dituen bat?".

"Datu zehatzik gabe hainbat albistegi eta tertuliatan zein politikari profesionalen ahotik entzundakoek pentsarazten digute Garzonek ospetsu egin zuen 'Dena da ETA' horretatik 'Dena da ATA' honetara pasatu nahi dutela batzuek", salatu du. Gainera, bere izena Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua dela eta ATA "kriminalizatu" nahi dituzten horiek asmatutako ezizena dela nabarmendu du.

Mugimenduak azpimarratu duenez, ez da jaio tabernetako borrokak bultzatzeko: "Gure mugimendua amnistiaren aldeko antolakuntza sustatzeko jaio da, izan ere, benetako borroka ideologiko eta iraultzailea kaleetan eman beharrekoa dela uste baitugu, zapaltzen gaituztenekin talka garbian, eta ez alkoholak animaturik goizeko ordu txikitan".

Estatu indarkeriaren kasu gehienen aurrean Podemosek beste aldera begiratzen duela ere salatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak EAE albisteak Eguneko albisteak Euskadiko Podemos-eko albisteak Lander Martinez Hierro