Politika -

Gipuzkoako Batzar Nagusiak

Gure Esku Dagoren galdeketetan parte hartzeko deia, EAJk eta EH Bilduk

Bi alderdiek ebazpena sinatu dute erabakitzeko eskubidearen alde. Asteazken honetan eztabaidatu eta bozkatuko dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

Maria Eugenia Arrizabalaga (EAJ) eta Xabier Olano (EH Bildu). Argazkia: EH Bildu Gipuzkoa
Argazkia: EH Bildu Gipuzkoa
Maria Eugenia Arrizabalaga (EAJ) eta Xabier Olano (EH Bildu). Argazkia: EH Bildu Gipuzkoa

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gure Esku Dago ekimenak antolatuta, martxoaren 19an Gipuzkoako 34 herritan egingo diren herri galdeketen aldeko ebazpena adostu dute EAJk eta EH Bilduk. Bi alderdiek Gipuzkoako Batzar Nagusietan dituzten taldeek urgentziazko ebazpena adostu dute, asteazken honetan ganberan eztabaidatu eta bozkatu dadin. Agirian, erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute eta galdeketan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.

Maria Eugenia Arrizabalaga eta Xabier Olano EAJren eta EH Bilduren bozeramaileek prentsaurrekoa eman dute gaur ekimenaren nondik norakoak azaltzeko.

Arrizabalagaren esanetan, proposamena ez dute gainerako taldeekin adostu, aurretik ere gai honen inguruko iritzia agertu baitute antzeko ekimenen aurrean kontra edo zuri bozkatuta.

Batzar Nagusietan gehiengoa (51 batzarkideetatik, 35) dute EAJk (18) eta EH Bilduk (17), eta, hortaz, ganberak onartu egingo du ebazpena.

"Euskal Herriko herritarrei etorkizunaz erabakitzeko, kontsultatuak izateko eta libre eta demokratikoki adierazten duten borondatea errespetatua izateko dagokien eskubidea eta gaitasuna" babestu dute bi taldeek agirian.

EAJren eta EH Bilduren ustez, demokrazia "herritarron erabakia da", eta erabakitzeko eskubidea gauzatzea, "demokraziaren agerpen gorena". Hori horrela, "erabakitzeko eskubidearen aldarrikapenetik gauzatzera igarotzeko ekimenak" balioan jarri eta babestu behar direla uste dute.

Ebazpenean jaso dutenez, martxoaren 19an Gipuzkoako 34 herritan "herri ekimenez burutuko den erabakitzeko eskubidearen gauzatze praktikoa" babesten dute Batzar Nagusiek, eta herri horietako biztanleei parte hartzeko deia egin diete.

Bi alderdiek gai horren inguruan sinatu duten hirugarren ekimena da honakoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PNV-EAJ Albisteak Gipuzkoa Gure Esku giza katea EH Bildu Nafarroa