Politika -

Elkartasuna

Gizarte ordezkariek terrorismoaren biktimak omendu dituzte Gasteizen

Euskal erakundeetako eta gizarteko zenbait ordezkari izan dira gaur Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. Elkarretaratzeak lau ordu iraun ditu.

Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Iñigo Urkullu buru, ekitaldian parte hartu dutenean. Argazkia: EiTB
Representantes del Gobierno vasco, encabezados por Iñigo Urkullu, durante el homenaje. Foto: EiTB
Lau orduko elkarretaratzea biktima guztien oroimenez

2:04

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAren indarkeria amaituta, gertatukoaren "kritika esplizitua" egiteko eta biktimen "memoria eta ohorea" defendatzeko konpromisoa agertu du gaur Eusko Jaurlaritzak. Bake eta Bizikidetza Idazkaritzak antolatuta, biktimak gogoratzeko lau orduko elkarretaratzea egin dute goizean Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. Amaieran, Jose Luis de la Cuesta Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluko presidenteak adierazpena irakurri du.

"90eko hamarkadaren lehenengo urteak arte, erakundeak beti berandu iritsi gara biktimen kausara. Ondorengo urteetan, berriz, sarritan, banaketa politikoek desitxuratu egin zuten solidaritatearen batasuna. Behin baino gehiagotan egin du, bada, egin beharreko autokritika Eusko Jaurlaritzak, eta eskatu die barkamena jasan ditugun terrorismo guztien biktima izan direnei, ez genielako behar zuten arreta eskaini; batez ere, 70eko eta 80ko hamarkadako biktimei", adierazi du Jose Luis de la Cuestak.

"Biktimei zuzendutako politikak, aurrerantzean ere, egia, justizia eta erreparazioaren eskubideak betetzera bideratuko dira", azpimarratu du. "ETA amaitu dela-eta, ezin dugu hurrengo orrira pasa iraganean gertatutakoa berariaz kritikatu gabe", gaineratu du.

Terrorismoaren Biktimen Europako Egunaren bezperan, talde terroristen biktimak aitortzeko eta horiei elkartasuna adierazteko ekitaldia egin dute gaur, ostirala, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. Euskal erakundeetako eta gizarteko zenbait ordezkarik parte hartu duten elkarretaratzeak lau ordu iraun du, 09:00etatik 13:00etara, eta 15 minutuko txandak egin dituzte.

Lehenengo txanda Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek osatu dute. 09:00etatik aurrera, barruan mezu bat gordeta duen lekukoa pasatu dute, eskuz esku, eta bilkuraren amaieran irakurri dute.

Ekitaldia hasi baino lehenago Radio Euskadin elkarrizketatu dute lehendakaria, eta bertan baieztatu duenez, gaurko omenaldiak "xede bikoitza" dauka: batetik, "iraganera begiratzea eta iragana eta etorkizuna elkartzea"; bestetik, "elkarrekin batera eraikitzearen aldeko mezua bidaltzea".

"Iraganera begiratu eta iraganera egindako begirada hori etorkizunarekin lotzeko ahalegina egitearen bidez, euskal gizarteari agertu nahi diogu ezin dezakegula iragana ahantzi, baizik eta iraganak indartu egin behar gaituela etorkizunean berriz errepika ez daitezen iraganean jazotako egoerak, terrorismoaren biktimei egindako aitortzatik", gaineratu du.

Hamabost minutuko txandak, lau orduetan zehar

Elkarretaratzearen lehenengo 15 minutuko txandan Iñigo Urkullu eta Jaurlaritza izan dira, Gasteizko alkate Gorka Urtaran eta Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezekin batera.

Bertan izan dira ere Alfonso Sanchez, Terrorismoaren Biktimen Elkarteko (AVT) presidentea, eta Miguel Folguera, Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Plataformako (APAVT) presidentea.

CONCENTRACION VICTIMAS VITORIA GASTEIZ INIGO URKULLU ALFONSO SANCHEZ EFE

Alfonso Sanchez (AVT) eta Iñigo Urkullu. Argazkia: EFE

"Terrorismoaren biktimen benetako kontakizuna" aldarrikatu du AVTk

Sanchezek "terrorismoaren biktimen benetako kontakizuna" aldarrikatu du, eta, ohartarazi duenez, Euskadin ez da "gerrarik" egon, baizik eta "garondoak jarri dituzten errugabeak eta armak erabili dituzten hiltzaileak.

Memoria ekitaldien garrantzia azpimarratu ostean,  "terrorismoaren biktima guztiak" errebindikatu nahi izan dituela ziurtatu du.

"Kontakizuna garrantzitsua" dela uste du Sanchezek. Haren esanetan, ETAk azken sei urtetan inor hil ez badu ere "bere itzala luzea da oraindik eta oraindik lan asko dago egiteke terrorismoaren biktima guztien memoria gogoan izan dadin eta hiltzaileak ahaztu ez daitezen"

"Giza eskubideekiko errespetua"

Euskal unibertsitateetako ordezkariek hartu dute, ondoren, erreleboa (Nekane Balluerka EHUko errektorea buru), eta Foru Diputazioen eta Batzar Nagusietako ordezkariak izan dira jarraian. Ondoren, Giza Eskubide eta Bake Hezkuntzaren Elkarteen Foroaren txanda izan da.

Balluerkaren esanetan, "edozein delarik ere egon daitezkeen desberdintasun erlijioso, ideologiko edo kulturalak, giza eskubideekiko errespetua egon behar da beste edozeren gainetik, bizikidetzaren oinarriak ezartzerako garaian".

10:00etan, Eudel Euskadiko Udalen Elkartearen eta Gasteizko, Bilboko eta Donostiako alkateen (Gorka Urtaran, Juan Mari Aburto eta Eneko Goia) txanda izan da. Gero, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua agertu da ekimenean.

10:30etik 10:45era, Eusko Legebiltzarreko kideak izan dira Andre Maria Zuriaren plazan, Bakartxo Tejeria presidentea buru zutela. Legebiltzarreko talde guztiak ordezkatuta egon dira elkarretaratzean.

CONCENTRACION VITORIA GASTEIZ VICTIMAS TERRORISMO EFE

Legebiltzarkideek parte hartu dute elkarretaratzean. Argazkia: EFE

Eusko Legebiltzarreko alderdi politikoen ordezkariak ere izan dira Andre Maria Zuriaren plazan: Iñigo Iturrate (EAJ), Idoia Mendia (PSE-EE), Jose Antonio Pastor (PSE-EE), Maddalen Iriarte (EH Bildu), Lander Martinez (Elkarrekin Podemos), Pili Zabala (Elkarrekin Podemos), Alfonso Alonso (PP), Nerea Llanos (PP), Carmelo Barrios (PP), Mari Carmen Lopez de Ocariz (PP) eta Javier Ruiz de Arbulu (PP).

Halaber, kirolarekin lotutako erakundeak (Basque Team, esaterako) eta Arartekoaren ordezkari bat izan dira ekitaldian parte hartzen, eta kulturarekin eta justiziarekin lotura duten gizarte ordezkariek ere elkartasuna adierazi diete terrorismoaren biktimei.

12:00etan, hezkuntzarekin lotutako pertsona ezagunek hartu dute lekukoa; hamabost minutu geroago, elkarte erlijiosoen eta enpresa munduko pertsonen txanda izan da; eta kazetariek hartu dute azken erreleboa.

Azkenik, esan bezala, 13:00etan, Jose Luis de la Cuesta Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluko presidenteak eskuz esku txandaka erabili duten lekukoaren barruan dagoen mezua irakurri du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak berriak Gizartea Gaurko titularrak Gasteiz albisteak Gaurko azken orduko albistea Terrorismoaren Biktimen Azken Ordukoa