Politika -

Istiluak Iruñean

Espetxera bidali dituzte Iruñeko istiluetan atxilotuetako hiru

Terrorismo delitua eta desordena publikoak eragitea egotzita espetxeratu dituzte. Epaileak kasua Auzitegi Nazionalaren esku uztea erabaki du. Laugarren atxilotua adingabea da, eta aske utzi dute.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fidantzarik gabe behin behinean espetxera bidali ditu epaileak Iruñean asteburuan izandako istiluekin lotuta atxilotuetako hiru lagun. Iruñeko 4. Instrukzio Epaitegiko epaileak hartu du erabakia, goizean hirurei deklarazioa hartu ondoren. Terrorismo delitua eta desordena publikoak eragitea leporatu dizkie. Istiluekin zerikusia izan zuelakoan atxilotutako laugarren pertsona adin txikikoa da, eta atzo aske utzi zuten.

Nafarroako Justizia Auzitegiak jakitera eman duenez, kasua Auzitegi Nazionalaren esku uztea erabaki du epaileak. 'Errepresioari Autodefentsa' dinamikak deitutako mobilizazioan izandako istiluetan parte hartzea leporatuta atxilotu zituzten lau lagun, larunbat arratsaldean.

Dozenaka lagunek hartu zuten parte protesta ekintzan, eta liskar gogorrak izan ziren Nafarroako hiriburuko Alde Zaharrean.

Ebazpenean, epaileak gogora ekarri du mobilizazioa baimendu gabe zegoela. Antolatutako ekintza bat izan zela esan du magistratuak, eta horren hitzetan, istiluak eragiteko materiala prestatuta eraman zuten Iruñera.

Helegitea jartzeko aukera dute atxilotutako hiru lagunek.

Agiri bateraturik ez, Nafarroako Parlamentuan

Nafarroako Parlamentuko talde guztiek gaitzetsi dituzte larunbateko istiluak, baina ez dute lortu agiri bateratu bat adostea. Iruñeko Udaleko talde guztiek atzo aho batez onartutako agiria eraman dute Parlamentura, baina UPNk eta PPNk ez dute babestu.

Javier Esparza UPNk kidearen iritzian, atzo bere alderdikideek onartutako testua gaur ez babestearen arrazoia ATA Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako taldeak azken orduotan kaleratu duen agiria izan da. "Gerra adierazpena dirudi", esan du.

Ana Beltran PPNko ordezkariaren esanetan, berriz, bere taldeak horrelako ekintzen aurrean "betiko irmotasunari" eusten dio eta ez du "adierazpen anbiguorik" onartuko.

Gainerako taldeek kritikatu egin dute UPNren eta PPNren jarrera, "konfrontazioan, eroso" daudela esanez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Iruñea azken orduko berriak Gaurko albisteak Nafarroan Eguneko albisteak