Politika -

Gaitasungabetzea Artur Masi

Ez dela 'damutzen' eta Gorenera eta Europara joko duela esan du Masek

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak kargu publikorako bi urteko gaitasungabetzea ezarri dio. Artur Masek uko egin dio Espainiako egungo legediaren baitan berriro ere hautagai izateari.

Irene Rigau, Artur Mas eta Joana Ortega. Argazkia: EFE
Irene Rigau, Artur Mas eta Joana Ortega. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren zigorra ezagutu ostean Artur Mas Generalitateko presidenteak aurreratu duenez, Auzitegi Gorenera eta Europara joko du. Gainera, ez dela egindakoaz damutzen eta beste galdeketa bat antolatuko lukeela azpimarratu du. Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak kargu publikorako bi urteko gaitasungabetzea ezarri dio.

PDeCAT alderdiaren egoitzan eginiko prentsaurrekoan, hainbat lagun izan ditu alboan: berarekin batera zigortuak izan diren Joana Ortega eta Irene Rigau kontseilari ohiak, Carles Puigdemont Generalitatek presidentea, Francesc Homs PDeCAT alderdiak Diputatuen Kongresuan duen bozeramailea eta alderdiko beste buruzagi batzuk. Guztiek ere "Ho tornaria a fer" (Berriz egingo nuke) lema zuen txapa bat zeramaten paparrean.

Salatu duenez, "legea ez da denentzat berdina". Haren esanetan, Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalaren epaiak desobeditu izan ditu eta ez da horregatik zigortua izan.

2014ko azaroaren 9ko galdeketan erabilitako boto kutxa horietako baten alboan, Espainiakoa demokrazia "anputatua" dela salatu du. Hori dela eta, Auzitegi Gorenean helegitea jarriko duela eta auzibidea "Estrasburgora, Europaren bihotzera" eramango duela iragarri du.

Soberanistei "irmotasuna eta determinazioa" eskatzeaz gain, epaia ez dela irmoa eta Estatuaren aurrean "zutik" egongo direla azpimarratu du.

Espainiako legediaren barruan berriro ere hautagai izatea baztertu du Masek

Auzitegi Gorenak Kataluniako Justizia Auzitegiaren epaia berresten badu, Espainiako egungo legediaren baitan berriro ere hautagai izatea baztertu du Artur Masek. Hala ere, ez du baztertzen balizko independentzia egoera batean berriro ere hautagai izatea.

Puigdemont: 'Prozesua sendotu du zailtasun honek"

Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak uste du gaur kaleratutako epaiak prozesu subiranista "indartu" duela. Horren hitzetan, burujabetzarako bidean jarritako "zailtasunek" prozesua "sendotu" egiten dute.

Masek, Ortegak eta Rigauk goizean egindako agerraldian hartu du parte Puigdemontek. Hitzaldi labur batean, Kataluniako Gobernuak independentziaren inguruan galdeketa egiteko hartutako "konpromisoa" berretsi du. Herriari emandako hitza beteko dutela agindu du.

"Honaino iritsi bagara, era guztietako zailtasunei aurre egiten jakin dugulako izan da. Oraingo hau ere gaindituko dugu", esan du. Kataluniako presidentearen aburuz, azken oztopo hau prozesua indartzeko "akuilu izango da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak Kataluniaren independentzia Epaiketak albisteak Gaurko azken ordukoa Artur Mas argazkiak