Politika -

HERRI GALDEKETAK

Gure Esku Dagok igandeko galdeketetan parte hartzeko deia egin du

Euskal Herriko 35 udalerritan egingo dira erabakitzeko eskubidearen inguruko herri galdeketak. Gure Esku Dago ekimenak esan duenez, berme osoarekin egingo dira kontsulta horiek.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

150.000 herritar inguru daude deituta, datorren igandean, Euskal Herriko 35 udalerritan erabakitzeko eskubidearen inguruan egingo diren galdeketan parte hartzera. Tolosaldean, Oarsoaldean, Hernanin, Astigarragan eta Larrabetzun egingo dira kontsultak, Gure Esku Dago herri ekimenak sustatuta. Antolatzaileek agerraldia egin dute, gaur Errenterian, galdeketan parte hartzeko dei ozena egiteko.

"Prozesuaren zilegitasuna" nabarmendu du Angel Oiarbide Gure Esku Dago plataformaren eledunak. Horren hitzetan, "berme guztiekin" egingo dira igandeko galdeketak. 2.000 boluntario baino gehiagok hartuko dute parte antolaketa lanetan.

Azken hilabeteotan, herriz herri eta auzoz auzo saretu dituzten "konplizitateak eta akordioak" nabarmendu dituzte goizeko agerraldian. Prozesu parte hartzaileen bidez, tokian tokiko "aniztasuna eta errealitatea" kontuan hartuta erabaki direla burujabetzaren inguruan egingo diren galderak adierazi dute.

Hauek dira egingo diren galderak:

- Tolosaldea: Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?- Oarsoaldea:Lezo: Nahi al duzu euskal estatu libre bateko herritarra izan?Oiartzun: Nahi al duzu euskal estatu bateko herritarra izan?Pasaia: Nahi al duzu Euskal Herri burujabe bateko herritarra izan?Errenteria: 1) Ados zaude euskal errepublika burujabe bat eratzearekin? 2) Aurreko erantzuna baiezkoa bada, ados zaude independentea izatearekin?- Astigarraga eta Hernani: Nahi al duzu Euskal Herria errepublika burujabea eta independentea izatea?- Larrabetzu: Euskal estatu burujabe bateko herritar izan gura dozu?

"Erabakia gure esku dagoela aldarrikatzetik gure esku dagoela erakustera jauzi egingo dugu igandean", esan dute antolatzaileek.

Joan den urteko ekainaren 5ean Euskal Herriko beste 34 udalerritan egin ziren galdeketak.

EAJk eta EH Bilduk, parte hartzeko deia

EAJk eta EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan dituzten taldeek urgentziazko ebazpena adostu zuten, joan den astean, herri galdeketei babesa adierazteko. Agirian, erabakitzeko eskubidea aldarrikatu zuten eta galdeketan parte hartzeko deia egin zieten herritarrei.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal hiriburuak Zer gertatu da gaur Bizkaian? Albisteak Gipuzkoa Hernani Gure Esku gaur Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Larrabetzu