Politika -

Martxoaren 19ko galdeketak

Gure Esku Dago: '35 herritan demokraziak irabazi du'

Plataformatik baieztatu dutenez, M19koa ez da izango 2017ko galdeketa bakarra: 'Erabakitzen hasi gara eta bide honek ez du etenik'.

Josu Etxaburu, Gure Esku Dago plataformako bozeramailea. Argazkia: EiTB
Josu Etxaburu, Gure Esku Dago plataformako bozeramailea. Argazkia: EiTB
Gure Esku Dago: 'Demokrazia sakonagorik ez dugu ezagutzen'

0:23

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erabakitzeko eskubidearen aldeko Gure Esku Dago plataformaren aburuz, igande honetan 35 euskal udalerritan egindako galdeketetan, gertatuak gertatu, 'demokraziak irabazi du'.

Horrela mintzatu dira Zelai Nikolas eta Josu Etxaburu Gure Esku Dagoko bozeramaileak Errenterian, % 24,83ko parte-hartzea izan duen galdeketez beteriko jardunaldiaren gainean balorazioa egin dutenean.

Adierazi dutenez, "gaur 35 herri hauetan demokraziak honezkero irabazi du. Gaur elkarrekin erabakitzea posible dela erakutsi dugu, normaltasunez egin ahal dela, ez doala inoren aurka, denon alde baizik. Gaur herri bat garela, erabakitzeko eskubidea dugula eta herritarron garaia dela gure eskuekin ukitu eta sentitu ahal izan dugu, boto papera ilusioz beteriko hautetsontzietan sartu dugunean".

Gaurko hitzorduan 16 urtetik gorako 124.274 lagun zeuden galdeketetan botoa ematera deitura, eta azkenik 30.862 izan dira bertaratu direnak.

Galdeketa gehiago

Bestalde, 2017an galdeketa gehiago antolatuko dituztela aurreratu du Gure Esku Dagok: apirilaren 2an, maiatzaren 7an, ekainaren 18an eta udazkenean.

Zentzu horretan, gaineratu dute euren eskuan dagoen guztia egingo dutela "erabakia gauzatu dadin". "Ez diezagula inork esan helburuaren izuz bidea ere egiteko gai izan ez ginenik. Ibiliz egingo dugu bidea, erabakiz ikasiko dugu erabakiaren bidea. Erabakitzen hasi gara eta bide honek ez du etenik!", gaineratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Gure Esku gaur Gaurko azken orduko albistea