Politika -

Kongresuan

Rajoyk ETAri buruz: 'Armagabe dadila, baina negoziaziorik eskatu gabe'

PP eta PSOEren ustez, apirilaren 8an erabat armagabetuko dela iragarri izana "propaganda hutsa" da.

Rajoy, Kongresuan egin duen adierazpenetan. EFE
Mariano Rajoy. EFE
Rajoy, Kongresuan egin duen adierazpenetan. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako presidentea ETAri zuzendu zaio gaur Kongresuan ostiraleko iragarpenaren ondotik. Esan duenez, "ondo" deritzo ETAk armak uzteari, baina erakunde armatuak asmo hori badu, "berehala, luzamendutan ibili gabe" egin beharko lukeela uste du Rajoyk. "Ez dezala negoziaziorik eskatu", erantsi du. Gobernuburuaren esanetan, ETAk armak "non dituen" esan beharko lieke Estatuko segurtasun indarrei.

Kongresuko gaurko saioa terrorismoaren biktimak omentzeko eta armagabetzea "propagandatzat" jotzeko baliatu dute PPk eta PSOEk.

Antonio Hernando PSOEko bozeramaileak galdera egin dio gaiaren inguruan, eta erantzunean, "orain arteko armagabetze bakarra Frantziako eta Espainiako segurtasun indarrek egindakoa" dela esan du Rajoyk. Haren iritzian, "ETAk hobe luke armak non dituen esatea, inongo negoziaziorik eskatu gabe".

Hernandok, bere agerraldian, Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente ohiaren adierazpen batzuk ekarri ditu gogora. ETAk jarduera armatua behin betiko amaitu zuela iragari zuenean, 2011ko urriaren 20an, buruzagi sozialistak esan zuenez, Espainia "terrorismorik gabeko demokrazia izango da, baina inoiz ez memoria gabekoa".

Izenik aipatu ez badu ere, Arnaldo Otegi Sortuko presidentearen adierazpenak —armagabetzea herri subiranotasunaren ekintza" izan zela esan zuen— ere ahotan hartu ditu Hernandok. Bozeramaile sozialistaren iritzian, ETAren armagabetzea "garaitua dagoen eta protagonismoa nahi duen erakundearen propaganda ekintza bat da".

Hernandok esandakoak % 100ean babesten dituela esan du Rajoyk, segidan. Gobernuburuaren esanetan, "desarmatu nahi badute, ondo iruditzen zaigu, baina egin dezatela berehala, luzamendutan ibili gabe".

Terrorismoaren biktimak gogoan hartzeko eta "terroristak erabat deslegitimatzeko" konpromisoa hartu du Espainiako presidenteak, Kongresuko gehiengoaren txalo artean.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Albisteak Alderdi Sozialista Mariano Rajoy Espainia gaur ETA gaur Gaurko azken ordukoa