Politika -

Estradizio eskaera

Nekane Txapartegi Espainiara estraditatzea onartu du Suitzak

Suitzako Justiziaren arabera, Txapartegik 'ezin izan du era sinesgarrian frogatu Espainian torturak jasan zituenik'.

Miren Nekane Txapartegiren artxiboko irudia. Argazkia: EiTB
Miren Nekane Txapartegiren artxiboko irudia. Argazkia: EiTB
Miren Nekane Txapartegiren artxiboko irudia. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Suitzako Justiziak onartu egin du Miren Nekane Txapartegi Espainiara estraditatzea, Espainiako Gobernuak eskatuta, ETAri laguntza ematea egotzita ezarri zioten hiru urte eta erdiko espetxe-zigorra bete dezan.

Estradizioa onartu ala ez onartzeko prozesuan zehar, Txapartegik adierazi zuen Espainian ezarri zioten kondena "torturaz" atera zioten aitorpen batean oinarritzen dela eta "arrazoi politikoengatik" jazartzen ari zitzaizkiola.

Alabaina, Justiziaren Bulego Federalak ohar baten bidez jakitera eman duenez, "baldintza guztiak betetzen dira" estradiziorako; izan ere, horren iritziz, Txapartegik "ezin izan du era sinesgarrian frogatu Espainian torturak jasan zituenik". Hala ere, "Espainiako agintariek ere ez zituzten modu serioan aztertu emandako arrazoibide horiek", gaineratu du.

Txapartegi Suitzan bizi zen 2009tik "identitate faltsu batekin", eta 2016ko apirilaren 6an atxilotu zuten Zurichen, Espainiak egindako estradizio-eskari bati jaramon eginda.

2007an 11 urteko espetxealdira kondenatu zuten ETAko kide izateagatik, baina 2009an Auzitegi Gorenak 6 urte eta 9 hilabetera murriztu zion zigorra, erakunde armatuari laguntza eman ziola baina ETAko kidea ez zela argudiatuta.

Ondoren, aurtengo otsailean are gehiago murriztu zioten zigorra (hiru urte eta erdira), Zigor Kodearen artikulu berri bat aintzat hartuta.

Torturaren Aurkako Mundu Erakundea, estradizioaren aurka

Irailean Torturaren Aurkako Mundu Erakundeak salatu zuenez, "zantzu argiek adierazten dute Txapartegi torturatu egin zutela bere burua errudun jo zezan, eta zigorra horretan oinarritu zen". Hartara, Txapartegiren Espainiaratzea ez baimentzeko eskatu zieten Suitzako agintariei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Espainiako Gobernua argazkiak Presoak bideoak ETA albisteak Eguneko albisteak