Politika -

PSOE-ko idazkaritza nagusia

Diazek hautagaitza aurkeztu du, sozialista historikoen babesarekin

4.500 militante eta jarraitzaileren aurrean, eta, besteak beste, Gonzalez, Zapatero, Rubalcaba eta Guerra buruzagi beteranoez inguratuta, ofizialki aurkeztu du bere hautagaitza.

Suana Diaz Andaluziako PSOEko Batzarreko presidentea, buruzagi sozialista historikoz inguratuta. EFE
Suana Diaz
Idazkari izateko hautagaitza aurkeztu du Susana Diazek modu ofizialean

1:42

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Susana Diaz PSOEko Andaluziako Batzarreko presidenteak PSOEko primarioetarako hautagaitza “pozik” eta “harro” iragarri du, eta “PSOEgatik eta Espainiagatik” egiten duela adierazi du.

Diazek guztien laguntza eskatu du alderdiko buru izateko eta PSOEk PPri hauteskunde orokorrak irabaztea lortzeko.

4.500 militante eta jarraitzaileren aurrean, eta, besteak beste, Felipe Gonzalez, Jose Luis Rodriguez Zapatero, Alfredo Perez Rubalcaba eta Alfonso Guerra buruzagi beteranoez inguratuta, ofizialki aurkeztu du bere hautagaitza.

Diazek esan du guztiek bere “ilusioa” sentitzea nahi duela, baita berea “proiektu kolektiboa” dela jakitea ere. “Bakarrik ez naiz gai”, aitortu du. “Alderdiaren laguntza osoa behar dut, laguntza eskatzen dut PSOE berriro ere Espainiaz kargu egiten duen proiektu baten buru izateko”.

PSOEko buru izateko hautagaiak esan du, primarioak irabaziz gero, alderdiak “beti bezala proiektu autonomoa izaten jarraituko” duela, “gauza bat PSOErekin hitzartzea delako, eta bestea PSOE beste batzuen eredura uztea”, adierazi du, Pedro Sanchezek Podemosekin egin nahi dituen aliantzen harira

“Primarioak eta hauteskundeak irabazi nahi ditut, baina ez dut boterea edozeren truke nahi”, ziurtatu du Andaluziako presidenteak, PSOEko buru izateko proiektuaren aurkezpenean.

Zapatero: “Gehien batzen duena PPri irabazteko itxaropena da”

Jose Luis Rodriguez Zapatero PSOEko idazkari nagusi ohiak esan duenez, Susana Diazen hautagaitzan “gehien” batzen duena “alderdiak Rajoyri eta PPri irabazteko itxaropena da”.

“Susana Diazek egingo du, guztiz konbentzituta nago; Andaluzian egin du, eta badakit Espainian egingo duela, konfiantza osoa daukat”, esan du, kazetariei egindako adierazpenetan.

Gonzalez: “Hautagai guztien zeregina alderdia batzea da”

Felipe Gonzalez Gobernuko presidente ohiak nabarmendu du PSOEko primarioetara aurkeztuko diren hautagai guztien zeregina “alderdia batzea” dela.

Susana Diazi emango ote dion botoa galdeginda, honako hau esan du: “Botoa sekretua zen”.

Lopezek eta Sanchezek  ekitaldiekin jarraitzen dute

Bestalde, Patxi Lopez PSOEko idazkaritza nagusirako hautagaiak alderdiko kudeatzaileari beste bi hautagaiekin, Susana Diazekin eta Pedro Sanchezekin, eztabaidak antolatzea eskatu dio, ereduak alderatzeko, “zurrumurruen hainbat hilabeteren ostean”, “aukera guztiak mahai gainean daudelako”.

200 bat militante bildu diren ekitaldian, Torrelavegan (Kantabria), Lopezek PSOE zuzentzeko bere proiektua aurkeztu du, eta alderdia “garrantzi handiko” une batean dagoela nabarmendu du, “eraikitzeko” eta “indarberritzeko” unean, ezkerraren “erreferentzia nagusia” izatera itzultzea ahalbidetzeko.

Pedro Sanchez hautagaiak igande honetan Burjassoten (Valentzia) esan duenez, PSOErentzat bi aukera besterik ez daude: “XX. mendekoa eta Mariano Rajoyri abstenitzea edota XXI. mendekoa eta alderdi ezkertiar, sinesgarri eta autonomoarena”.

45 minutuko hitzaldian, eta 3.000 pertsona baino gehiagoren aurrean, Sanchezek nabarmendu du, Susana Diazen hautagaitzaren harira, nahiz eta zuzenean aipatu ez, PSOEn aldaketa ez dela “goitik hitz egiten diguten buruzagietatik iritsiko, maila berean hitz egiten gaituztenetatik eta oinarrien nahia kontuan hartzen dutenetatik baizik”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Alderdi Sozialista Aldaketa PSOEn argazkiak Gaurko azken ordukoa Madril gaur