Politika -

Iruzurragatik ikertua

Murtziako presidentearen kontrako zentsura-mozioa eztabaidatuko dute

PSOEk aurkeztu du, Podemosek alde bozkatuko duela iragarri du, eta Ciudadanosek ez du argitu zer egingo duen, baina gakoa izango da.

Agentziak |Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Murtziako Parlamentuko Mahaiak tramitera onartu du Pedro Antonio Sanchez Murtziako Eskualdeko presidente popularraren kontra PSOEk aurkeztutako zentsura-mozioa.

Ostiralean aurkeztu zuten mozioa, 13 diputatu sozialisten sinadurarekin. Gaur, astelehenarekin, eztabaidatzea adostu dute, PPk Mahaian dituen bi diputatuek "zenbait eragozpen" aurkeztu badituzte ere. Podemosek iragarri duenez, alde bozkatuko du; Ciudadanosek, ordea, erabakitzeke du botoa. Mozioak aurrera egiteko, gakoa izango da alderdi laranjaren erabakia.

Asteazken eguerdira arte, 12:00ak arte, dago mozio gehiago aurkezteko aukera. Baten bat gehiago aurkeztuz gero, berriro bilduko da Mahaia, 12:30ean, eta ordu erdi geroago, 13:00etan, Bozeramaileen Batzordeak gai-ordena zehaztuko du. Eztabaidak bi egun iraungo du, araudiak zehazten duenez.

PPk bi kide ditu Murtziako Parlamentuko Mahaian, eta PSOEk, Ciudadanosek eta Podemosek, bana. Mozioak araudiak eskatzen dituen baldintza guztiak bete ditu: "nahikoa arrazoituta" dago, Ganberako ordezkarien % 15en babesa du, eta presidente kargurako beste hautagai bat proposatu du: Rafael Gonzalez Tovar sozialista.

Pedro Antonio Sanchez Murtziako presidentea Auditorio auzian ikertzen ari dira, eta hainbat delitu egotzi dizkiote: iruzurra, funtzionarioen eroskeria eta ezkutuko informazioa agerraraztea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Albisteak Alderdi Sozialista Albisteak Alderdi Popularra Ciudadanos alderdia Gaurko azken orduko albistea